Ducau eta Phillipsen Bidaiak jarraitzen du, oraingoan «Duo»n
Mixel Ducauk de Caroline Phillipsek, beste bi musikarirekin batera, Bidaia taldea sortu eta «Oihan" diskoa plazaratu zuten 2003an. Lau urte geroago, Bidaiak jarraitzen du, baina taldea sortu aurretik bezala, bikotea berriro bakarrik da. «Duo» da bere disko berria.
Martin ANSO | DONOSTIA
Mixel Ducau eta Caroline Phillips, biak ala biak musika munduan bide luzea egindakoak, orain dela hamar bat urte atera ziren lehen aldiz elkarrekin plazara. Bikote moduan disko pare bat grabatu eta beste zenbait proiektutan -Zaldibobo barne- ibili ondoren, 2003an Bidaia taldea sortu zuten Ritxi Salaberria eta Javi Arearekin batera.
Taldearen aurkezpen txartela «Oihan» diskoa izan zen. Bertan, betiere euskal tradiziotik abiatuta, baina munduko gainerako musiken eragina oso kontuan izanik, Ducauk eta Phillipsek aspaldi bilatzen zuten bide propioa aurkitu zuten. «Kontua ez baita -esan du Phillipsek- edozein estilo hartu eta euskarazko hitzekin ematea, egiazko euskal nortasuna duen musika sortzea baizik».
Musika merkatua dagoen bezala dago, ordea, eta orain dela urte eta erdi, bikote moduan aritzea laukote moduan jarraitzea baino errazagoa zela ondorioztatu zuten Mixelek eta Carolinek. Baina Bidaia izenari eutsi zioten, Bidaian aurkitutako bide beretik urratsak egiten jarraitu nahi zutelako. Urrats berri horien ondorio da plazaratu berri duten «Duo» diskoa.
Guztira, hamabi dira bildu dituzten piezak. Horietatik zazpi kantak dira; gainerakoak, berriz, musika hutsezkoak. «Pieza guztiak -adierazi du Ducauk- Euskal Herriko dantza, doinu edo giro jakinetan oinarrituak daude. Baina beti gehitzen dizkiegu, oso modu naturalean gainera, munduko musiken beste osagai batzuk. Adibidez, pieza batean banbuzko klarinetea jotzen dut, eta horrek Erdialdeko Europako ukitu bat ematen dio; beste batean, berriz, Carolinek eta biok arabierazko errepika bat kantatzen dugu, pieza hori Magrebeko giroan bildu dugu».
Diskoan sartu dituzten zazpi kantetatik bost euskaraz dira eta beste bi ingelesez. Euskarazkoetan, bi berriak dira, Ducauk berak egindakoak. Horrez gain, lapurtarrak Joseba Errekondorekin batera idatzi zuen «Basamartxa» eta Benito Lertxundiren «Herribera» berreskuratu dituzte, baita «Amaren alabarik» kanta tradizionala ere. «Azken hori Xabier Amurizarekin ikasi nuen», gogoratu du Ducauk. Izan ere, azken urteotan Amurizari laguntzen aritu da hainbat emanalditan. Ingelesezko kantak, aldiz, Carolinek idatziak dira. «Duela hamar urte, elkarrekin lehen diskoa atera ge- nuenean, nik ingelesez idatziriko hainbat kanta euskaratu genituen, baina orain bere horretan uztea erabaki dugu. Azken batean, ingelesa dut ama hizkuntza», gogoratu du Kaliforniako euskaldunak.
«Duo»n den-dena Mixelek eta Carolinek egin dute, bakarrik. Ahotsak bien artean egin dituzte. Horrez gain, Carolinek zarrabetea jo du eta Mixelek gitarrak, perkutsioak, alboka eta gainerako tresnak. Laguntza puntualak izan dituzte. Elisabeth Doufourrek panderoa jo du eta Beñat Amorenak atabala.
Grabazioa ere bien artean egin dute, etxean, nahasketak-eta Amanita estudioetan egin badituzte ere. «Guztiz autoekoizpenaren bidetik jotzea erabaki dugu», esan dute.
Disko gutxi saltzen dela eta Phillips euskaldunen artean interneteko aitzindarietako bat dela kontuan izanik, zergatik ez jarri «Duo» zuzen-zuzenean sarean? «Euskarri fisikoa oraindik beharrezkoa delako», erantzun du ezbairik gabe Phillipsek berak. «Sarean ere jarriko dugu, baina oraindik dendetan disko batzuk saltzen dituzte eta, gainera, euskarri fisikoak beste funtzioak betetzen ditu. Esaterako, aurkezpen txartel ona da eta kontzertuetara joaten den jendeak ere, askotan, disko bat eskatzen du, bizi duen esperientziaren oroigarri moduan».
Disko berriak kontzertu gehiago lortzen ere lagunduko diela uste dute eta orain arte gehienbat Euskal Herrian barrena mugitu diren arren, orain hemendik kanpo ere aukeraren bat izatea espero dute.
Gaur, gaueko 10etatik aurrera, Oiartzungo Udaletxean arituko da Bidaia. Bertan, «Duo»ko piezak joko dituzte Mixel Ducauk eta Caroline Phillipsek.