GARA > Idatzia > Kultura

«Zaldi hustuak» eta «Egunero hasten delako», Ereinen eskutik

Aritz Gorrotxategi donostiarraren «Zaldi hustuak» poesia bilduma plazaratu berri du Ereinek, «poesia eruditoa, fina eta dotorea» aurkezten duen lana. Gainera, Ramon Saizarbitoriaren «Egunero hasten delako» liburuaren berrargitalpen eguneratua ere kaleratu du.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Duela zazpi urte, 2000. urtean, Aritz Gorrotxategik (Donostia, Gros auzoa, 1975) Irun Hiria saria irabazi zuen bere lehen eleberriarekin, «Kafkaren labankada»rekin. Eta, horrez gain, beste lau liburu ditu kalean, beste hainbeste generotan sailkatutakoak -«Taxi bat Hamletentzat» poema-liburua, «Egurra Pinotxori» narrazio-bilduma, «Galtzontziloak autobusean zintzilik» kronika-liburua eta «Kearen truke» eleberria-. Oraingoan, «Zaldi hustuak» izenburuko poesia-bilduma aurkeztu du; labetik atera berria den lana.

Juan Ramon Makuso poetak nabarmendu zuen: «Beharbada Aritzen idazle ibilbidean mugarri bat da». Haren ustez, hain zuzen ere, «poesia eruditoa, fina eta dotorea» aurkezten du lan berriak. «Ezin esan ase gabe geldituko garela», esan zuen.

Zortzi ataletan banatu du bilduma Gorrotxategik. Horietako lehenak «Hasieran zaldia izan zen» du izenburu; eta azkenak, «Zaldia haragi eta oihu egin da erdiz». Argitu zuenez, Troiako Zaldia hartu du abiapuntutzat, baina zaldi ezagun haren sabelean edo umetokian heriotza eta bizitza bizikidetzako gaitasunean daudela ahaztu gabe. Bi kontzeptu horiek, esaterako, oso presente daude bilduman. «Bi ikuspegiren kontrastea ageri da», esan zuen.

Horiek hala, Troiako Zaldia litzateke elementu nagusia, baina zaldiak berak duen sinbolismoa eta hartzen dituen formak ere islatu ditu idazleak.

Liburuko atal bakoitzak bere haria du, «bere osotasuna», baina lotura gehiago hartzen dute elementu jakin batzuen bitartez. «Idazten joan ahala konturatu nintzen -azaldu zuen- hari nagusi eta figura nagusi batzuk bazeudela, esan nahi nuena ongi islatzen zutenak. Joera handia dut literatura makulu bezala ibiltzeko. Troiako Zaldiarekin hasi, adibidez, eta asko landu dut azkenean zaldiaren figura bera». Kultur klasikoaren zertzeladak, maitasun poemak, kutsu existentzialistagoa duten beste batzuk... Oro ere, beraz, liburu xume batean bilduak, eta Imanol Larrinagak prestatu azalarekin hornituta kaleratu dira.

Gaurkotasuna duen lan zaharra

Ereinek Ramon Saizarbitoriaren (Donostia, 1944) opera prima «Egunero hasten delako» nobela ezagunaren birrargitalpen eguneratua ere kaleratu du.

Lur argitaletxeak 1969an lehen aldiz kaleratu zuenetik, idazleak azken argitalpen horretarako prestatutako hitzaurrean bertan azaltzen duenez, hiru argitaletxek plazaratu dute nobela. Ez dago jakiterik zenbatgarren edizioa den hau, Mikel Hernandez Abaituaren esanetan. Baina, aipatu zuenez, (idazlea ezin izan zen agertu) Ereinen 10.000 ale gutxienez saldu dituzte ibilbide honetan, urtean 500 bat. «Oraindik ere bizirik dagoen seinale», azaldu zuen.

Abortuaren aldeko alegatu bat da; «abortuaren aldeko jarrera argia, esplizitua, zuzena eta ausarta, lotsagabea garai hartarako», hitzaurreak dioenez. Alegia, bere ustez, gaztelaniaz idatzia izan balitz, ez zuen ziurrenik zentsura frankistaren atzaparretatik hain erraz ihes egingo.

Edizio berriko hitzaurreak irakurle gazteak kokatzen lagun ditzake; garai hartako nondik norakoak eta nobelarenak ere ezagutzeko. Testuan ere idazleak aldaketak sartu ditu, «baina dena natural» eginda. Gaurkotasuna duen lana dela nabarmendu zuten aurkezpenean, abortuaren auzia bera bezalaxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo