GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Faborito guztiei heldu zaie lanean hasteko tenorea

Nazabal Rekondoren aurka neurtuko da bihar Armentian, eta Olasagastik Lopezekin neurtu beharko ditu indarrak. Etzi, aldiz, Larretxeak Peñagarikanoren aurka jokatu beharko du

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkolarien final-laurdenetako ligaxkako hiru jardunaldi jokatuko dira asteburu honetan. Bihar, Gasteizen, Armentian, eta bestea Lazkaon jokatuko dute. Etzi, berriz, Arantzan izango da saioa.

A multzoko norgehiagoka jokatuko dute Gasteizen bihar Armentiako zelaietan, Arabako hiriburuan egun handia izango baita. Bertan Floren Nazabal eta Jon Rekondo neurtuko dira elkarren aurka.

Lehen jardunaldian Etxarrikoak Arria menderatu egin zuen, eta berriro ere garaipena eskuratuko balu, finalerdiak jokatzeko txartela segurtatu egingo luke. Rekondok irabaziko balu, berriz, azkeneko jardunaaldira bitarte ez litzateke ezer erabakiko. Hala ere, Floren Nazabal da faboritoa, eta zaila izango da Etxarrikoak garaipen hori ez eskuratzea.

Bihar bertan, baina arratsaldean, Lazkaon B multzoko lehen saioa jokatuko dute. Olasagasti eta Lopez neurtuko dira. Igeldoko aizkolaria da garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Gipuzkoarrak ezin izan zuen Binakakoan parte hartu min hartuta zegoelako, baina hori aspaldi gainditu zuen, eta Bakarkakoan mailarik onena erakutsi nahiko du. Nafarra kanporaketa batzuk gaindituta dator, eta hori izan dezake aldekoa, Olasagastirentzat lehen saioa izango baita, baina Igeldokoak ere ez luke arazorik izan behar multzo horretako lehen puntua eskuratzerako garaian.

Arantza

Asteburu honetako azkeneko neurketa etzi jokatuko dute Arantzan, 12.30etatik aurrera. Bertan, Donato Larretxea eta Joxemiel Peñagarikano neurtuko dira. Beizamakoarentzat bigarren saioa izango da, estrainekoan Lasa menderatu baitzuen. Larretxearentzat, aldiz, lehen norgehiagoka izango da. Nafarra aterako da faborito.

Lana hiru saioetan bera izango da. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu arituko dira. Gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki beharko dute. Hirugarren ekinaldian, aizkolariek 45 ontzakoa zutik moztu beharko dute. Laugarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu izango da egin beharreko lana. Bosgarren lanean, oin bateko enbor bat zutik, eta bestea etzanda erdibitu beharko dituzte, eta azkenik, bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko izango dira aizkolariek ebaki beharko dituztenak.

Helduez gain, gazteek ere izango dute lana egin beharra. Bi saio izango dira, eta biak 18 urtez azpikoenak, eta horiek etzi, Arantzan izango dira. Ohian Larretxea, Donatoren semea, Erasunen aurka arituko da, eta Garikoitz Larretxea, Patxiren semea, Kañamares III.aren aurka neurtuko da.

Harri-jasotzaileak ere hasiko dira

Urrezko harri-jasotzaileen jarraipena kolokan egon da, baina azkenean aurten ere jokatu ahal izango da, eta bihar bertan abiatuko dira. Aurten, aurrekoetan baino harri txikiagoak izango dira, eta parte-hartzaileak, berriz, bost izango dira. Aurreko saioetan bezalaxe, binaka jokatuko dute lehiaketa.

Izeta II.a-Izeta IV.a, Izeta III.a-Eizmendi, Ostolatza-Zelailuze, Barinaga-Agirre eta Urrutia-Telleria II.a izango dira parte hartuko duten bikoteak. Lanerako, berriz, honako harri horiek izango dituzte: 125 kiloko zilindro berria, 100eko zilindro zaharra, 113ko kubikoa eta 100eko bola. Harri bakoitzarekin bina minututan aritu beharko dute lanean.

Zilindroekin, biko bakoitzeko batek egin beharko du lan, baina bietan berdina ezin da izan. Kubikoarekin, batek minutu bat egingo du, eta besteak beste minutua. Bolarekin, berriz, txanda librean arituko dira.

Txapelketa bihar hasiko da Lazkaoko Plazan, Urrezko Aizkolarien lehiaketako saioarekin batera. Lehen ekinaldi horretan, Ostolatza-Zelailuze Izeta III.a-Eizmendiren aurka neurtu beharko dute.

Gatikako probak azken txanpan sartuko dira

Larunbatetik asteartea arte jokatuko dituzte Gatikako probetako azkeneko ekinaldiak. Joan den asteburuan hasi ziren lehian, eta orain arte parte hartu dutenen artean, Lasaren idiek egin dute markarik onena 44 untze, 3/4 eta 1,10 metro eginda.

Nafarroan Launakoa jokatuko dute

Nafarroako Launako Sokatira Txapelketa jokatuko dute aurten ere, eta 310 kilo eta 260 kilotan jokatuko da. Bakoitzean hiru jardunaldi izango dira, eta maiatzaren 1ean jokatuko da estreinekoa Arbizun. Beti Gazte, Berriozar, BKE, Amaiur A, Amaiur B, Amaiur C arituko dira 310 kilotan, eta 260 kilotan, berriz, honako hauek izango dira: Beti Gazte A, Beti Gazte B, Beti gazte C eta Sakana. Ligaskan jokatuko dute lehiaketa hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo