GARA > Idatzia > Musika

Ospakizunez ospakizun

Barricadak ahitu ditu Bilborako sarrerak

A.B. | BILBO

Bateria-jotzaile berriak bultzatuta, Txantreako laukotea gaztetu egin da mende laurdeneko ibilbidea bete ostean. Horrenbeste urtez hara eta hona errepidean ibiltzea ez da txantxa, eta ospakizunez ospakizun ari dira orain zilarrezko ezteiak ospatzen. Estudiokoen eta zuzenekoen artean ia 20 disko plazaratu eta 200 kanta da nafarrek utzi diguten uzta, orain 25 urte sortu eta lehenengo kontzertua eman zutenetik. Ia hasieratik taldekide diren Enrique Villareal El Drogas baxu-jotzaile eta abeslariak, Javier Hernandez Boni gitarra-jotzaileak eta Alfredo Piedrafita gitarra-jotzaileak, Ibon Sagarna Ibi bateria-jotzaile berriaren laguntzaz, kontzertu hunkigarri batez gogoratu zuten 1982ko apirilaren 18a, 1.000 zuzeneko geroago Txantreako plazaren erdian eguerdian joz, lehenengo aldi hartan legez.

«Latidos y Mordiscos» dute azken lan bikaina, taldearen laburpen elektriko eta akustikoa egiten duen zuzeneko bikoitza. Diamantezko diskoa jaso dute oraintsu -milioi bat diskotik gora saldu duten seinale-, La Casa de La Monedak zigilu bat eskaini die eta udazken aldera Fernando Garayoa eta David Mariezkurrenak idatzitako biografia plazaratuko dute, taldea hastapenetatik zehaztasunez ezagut dezagun. Bilbon, sarrerak ahitu dituzte dagoeneko.

Fitxa

Data: Bihar.

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Ordua: 22.00etan.

Sarrera: 20 euro (Ahituta).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo