GARA > Idatzia > Pilota

Buruz buruko txapelketa Material aukeraketa

Bonbonera prest da sei urte geroago klasikoa hartzeko

Patxi Eugiri «pixka bat gehiegizkoa" iruditu zitzaion Ruben Belokik aukeratutako pilotetako bat

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Larunbatean Labritera joaten diren zaleek edo partida telebistaz jarritzen dutenek, denboran atzera egin izanaren sentsazioa izan dezakete. Izan ere, aurreko hamarkadan klasiko handiena izan zen lehia jokatuko baita Iruñean urtengo Buruz Buruko txapelketako final larudenetan. 2001. urteko finalean jokatu zuten azken aldiz Eugi eta Belokik elkarren aurka lehiaketa nagusian eta Atano III.ean jokatutako partidan Burlatakoak erraz (22-8) jantzi zuen txapela. Barriola, Ruiz, Xala, Aimar edo Martinez de Irujoren indarrak protagonismoa kendu diete bi nafarrei azken urteetan eta malenkonia eragiten duen partida jokatuko dute Bonboneran.

Partidarako material aukeraketa egin zuten atzo biek Iruñeko pilotalekuan eta normaltasuna ez zen erabatekoa izan, Beloki aukeratutako pilota bat 105,3 gramokoa «apur bat gehiegizkoa» iruditu baitzitzaion Eugiri. Atzelaria izanagatik, sake ona duen pilotaria da Burlatakoa eta pilota horrekin min handia egin diezaiokeela uste du Agoizkoak. Asegarceko pilotariak 105,3-104,7 gramoko pi- lotak aukeratu zituen eta Aspekoak, aldiz, 104,4-104,6 gramokoak.

Ruben Belokik ez zuen inolako arazorik izan apartatutako pilotekin. «Nik aukeratutako materiala indartsua eta azpitik ondo dihoana da. Patxi Eugirenak. aldiz, apur bat motelagoak dira», adierazi zuen.

Partidaren inguruan galdetuta, Belokik aitortu zuen uste baino hobe ikusi zuela Patxi Eugi Asier Olaizolaren aurka jokatu zuen partidan. «Harritu egin ninduen, oso ondo ikusi nuen-eta. Nik pentsatzen nuen Asier Olaizolak partida aurrera aterako zuela baina, lehengo Patxi Eugi ikusi nuen, asko sufritzen, eskubiaz ondo ematzen, kantxan asko ibiltzen eta oso partida ona egin zuela iruditzen zait», azaldu zuen. «Biak zortzi onenetan gaude eta hori oraindik ere gauza asko esateko moduan gauden seinale da», adierazi zuen atzelariak.

Ondo entrenatu

Eugik onartu zuen aspaldi ez bezala sasoiko ikusten duela bere burua. «Ni kantxan gustura egoten saiatuko naiz eta bera mugiarazten. Entrenamenduetan oso ondo ikusi dut neure burua eta hori partidetan nabarmentzen da. Beste urteetan ez nuen ondo jokatzen ez nuelako ondo entrenatzen», aitortu zuen.

Pilota dexente aldatu da bi nafarrek Buruz Buruko txapelak janzten zituztenetik. Horren inguruan galdetuta «Jokatzeko era aldatu da gehienbat, orain lehen baino askoz gehiago jokatzen da airez. Baina horrretaz aparte, pilotari konpletoa da Buruz Buru ondo moldatzen dena», erantzun zuen Ruben Belokik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo