GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Igor Mera Uriarte Etxebizitza Guztiontzat Plataforma

Udalak ere erantzule dira, etxebizitza guztiontzat

Udal hauteskundeetara aurkezten direnek euren auzo eta herrietatik alde egin behar izan duten milaka herritarrei azalpenak eman beharko dizkiete

Gutxi falta da Udal eta Foru hauteskundeetarako eta badarama-gu denbora luzea hauteskunde giroan murgildurik. Batzuk saiatzen dira beraien irudirik onena gizartaratzen azken urteetan beraiek abian jarritako neurri positiboenak erakutsiz, besteak, aldiz, beraien hautes-promesak gizarteratzen saiatzen dira. Era berean, gizarte mugimenduek gizartearen egunerokotasuna benetan baldintzatzen duten arazoak agendaratzeko momentua ere bada, eta hauen artean funtsezkoenetakoa etxebizitzarena da.

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko administrazioek eskumenak badituzte ere, normalean arazo honi buruz egiten ditugun diskurtso orokorrek beraien gogoetak eta galdegiteak administrazioko goi mailakoei begiratzen diete. Abagune honetan udal politikari zuzendu nahi dizkiogu gure gogoetak.

Udalak badira Hirigintzarako Plangintzaren gainean erantzukizunik gehien duten erakundeak, arlo hori etxebizitzaren arazoak egun duen larritasuna ulertzeko gakorik garrantzitsuenetariko bat izanik. Hirigintzaren kudeaketan ereduaren aldaketa beharrezkoa da. Udalen finantzaketa premiak eta interes ekonomikoekiko duten menpekotasuna alde batera utzi behar dira, ereduaren erdigunean gizarte-beharra kokatzeko. Izan ere, gizarte bezala, geure lurraren kontrola berreskuratu behar dugu, merkatuaren logika maltzurrak egindako kaos egoeratik atera. Ez dago eraikitzeko premiarik, ez dago lur berriak porlanez betetzeko beharrik, aldiz, egun dagoena berrerabili beharrean gaude, premia handia dutenen esku utzita. Hala ere, eraikitzekotan, irizpide sozial eta ekologikoak kontuan harturik egin behar da. Hirigintza inguruko garapenak kudeaketarako sistema publikoen bitartez egitea egokiena dela uste dugu, ordaintzeko gaitasunaren araberako errentak dituzten alokairura bideratuta izango diren etxebizitza publikoak soil-soilik sustatuz.

Udal hauteskundeak badira herriak eta hiriak beste era batean eraikitzeko aukera probetxagarria. Herritar guztiek gure herrien eta auzoen definizioak edo euren garapenak nolakoa izan behar duen modu eraginkorrean erabakitzeko eskubidea dugu. Horregatik, behar-beharrezkoa da hirigintzari lotutako partaidetzarako organoak benetan herritar guztien ordezkari izan daitezen, baita hauek hartutako ebazpenak udalen politikak definitzeko orduan lotesle izatea ere.

Udalek euren finantzaketa asetzeko egiturazko arazoak dituztela adieraztea ohikoa da. Horren arabera, defizit horrek zerbitzuen kalitatean eragina izateaz gain, berezko diru-sarrerak izatera behartzen ditu udalak. Hau egia baldin bada, eztabaida dadila, baina ez dezatela arazoa hirigintzari lotutako diru sarrerak sortuz konpon, azken finean diru hau herritarrok hilero-hilero ordaintzen ditugun maileguen kuotetatik irteten baita. Horixe kontuan harturik, errealitate hori benetako egoera estaltzeko erabiltzen dela uste dugu: badago erantzule politikoen eta eragile ekonomikoen artean baterakidetasun ideologiko osoa. Euskal Herrian erakundeen arteko azpiegitura konplikatua da, baina etxebizitza politikan alderdikeria alde batera uztea eta erakunde ezberdinen arteko koordinaziorako bidea jorratzea oinarrikotzat jotzen dugu.

Udalek dituzten behar legalen artean lurzoruaren Ondare Publikoa handitzeko euren aurrekontuen ehuneko jakin bat urtero ematearena dago. Hala ere, hori ez gauzatzeko edo horren bidez, berezko diru-sarrerak eskuratzeko asmoz, enkante publikoetara esleitzeko ihesbide legalak erabiltzea oso ohikoa da. Askotan gertatzen da legearen espirituaren eta gizarte-interesaren aurka doan ekinbide hau. Hori dela eta, lurzoru publikoaren metro bat ere ez saltzeko eta administrazioaren aldetik gizarte-interesaren alde erabiltzeko lurrak erosten jarraitzeko aldarrikatzen dugu.

Hurbilen dagoen erakundea izanik, udalek hutsik dauden etxebizitzen kontrolean eta horien mobilizazioan eragiteko ahalmen handia dute. Egun, Hego Euskal Herrian 150.000 etxebizitza baino gehiago hutsik daude eta askoz ere gehiago urtean zehar hilabete batzuk baino ez dira erabiltzen. Honen inguruko giza eztabaida sustatu eta erabakiak hartzeko garaia da. Azken finean, hemen aipatzen diren arazoak ez dira arazo teknikoak, hutsik dagoen etxebizitza defi- nitzeko zailtasuna bezalako arazoak, ez. Benetako eztabaida borondate politikorik dagoen ala ez jakitea da, beste herrialde batzuetan (Herbehereak, Danimarka, Frantzia...) horren inguruko legedi zehatzik egon badagoelako. Zergatik ez hemen? Udal hauteskundeetara aurkezten direnek euren auzo eta herrietatik alde egin behar izan duten milaka herritarrei azalpenak eman beharko dizkiete; izan ere, gehienez hilabete batzuetan okupaturik dauden etxebizitzak erostearen aurka ez dute deus ere egin, operazio horien ondorioz etxebizitza guztien salneurrien igoerak gehienei bertan geratzea ezinezkoa egiten dien bitartean. Edo herri edo auzo askoren erdigunean milaka etxebizitza hutsik dauden bitartean, lur berriak porlanez betetzeko proposamenaren alde agertzen zergatik jarraitzen duten. Espekulatzaileen esku dagoen porlanezko Euskal Herria maite ez dugunak aspaldi hutsik dauden etxebizitzen gizarte-kudeaketaren alde agertu gara, euren jabetza zergapetuz eta merkaturatzea ahalbidetuz. Hau esan ondoren, erantzukizun osoa udalen menpe ez dagoela adierazi nahi dugu. Besteak ere «etxeko lanak» egin beharrean daude.

Maiatzaren 28an legealdi berri bat hasiko da udaletan, horretan bai udal-gobernuek baita hautetsi guztiek ere ondo egin beharko dituzte beraien etxeko lanak, etxebizitza benetako eskubide mailara eramanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo