GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizko «Geu" elkarte eta aldizkariak 15 urte beteko dituzte euskara bultzatzen

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ

Makala Banda, Tomas San Miguel, All Jazz Era eta Kunka dira, besteak besteak, «Geu» aldizkariak eta elkarteak beren sorreraren 15. urteurrena ospatzeko ostiralerako Artiumen antolatu duten gala-jaialdian bilduko diren artistak. Askotariko egitaraua, estilo ezberdinen uztarketan oinarritua eta erakargarria prestatu du «Geuk», Gasteizko bazter guztietara euskara zabaltzeko lanean 15 urte daramatzala ospatzeko. «Ardoaren modura, euskara lehenik dastatu egin behar da eta ostean, gozatu», azaldu zuen atzo Estitxu Breñas aldizkariko zuzendariak «Euskara dastatu Geurekin» kanpainaren leloaren nondik norakoa argituz.

Ale berezia, koloretan

«Geu»k Artiumeko «Art & Sound» zikloaren baitan egingo du ostiraleko jaialdia. Makal Banda, Tomas San Miguel eta All Jazz Era taldeek jarriko duten musikaz gain, Kunkaren umorea, Patxi Zubizarreta, Karmele Jaio, Gerardo Markuleta eta Txiki Tostadoren irakurketak, Kahinaren sabel dantza eta arabiar doinuak, eta Isdeo eta Iñigo Sarasola artisten proiekzioez eta animazioez jantziko da festa.

15. urteurrenaren inguruko ospakizunen harira, «Geu» aldizkariaren ale berezia ere kaleratuko dute. «»Geu»ren historian koloretan argitaratzen dugun lehenengo aldia da», esan zuen zuzendariak. Berezitasun horretaz gain, hilabetekariak izan ohi dituen 40 orrien ordez, maiatzeko aleak 80 orri ditu. Harpidetza bidez jasotzen bada ere, iaztik aldizkaria kioskoetan ere eros daiteke, horrela, Arabatik Euskal Herri osora zabalduz. Izaera zabalaren adierazle da, era berean, azken alearen azala (urte guztiotan «Geu»rekin egon den jendearen argazkiz osatua). Kolaboratzaileen artikuluak eta gaien interes kulturala nabarmentzen dira.

Jaialdia 21.00etan hasiko da eta «gonbitea jende guztiari zuzendua dago, ez soilik euskal hiztunei, baita bidean daudenei eta erdaldunei ere. Euskararekiko interesa daukan lagun orori, alegia». Sarrerak salgai daude: Artium, Elkar, Gon lakua, Araba Kulturalan, eta Parral, Gora eta Hala Bedi tabernetan.

Fitxa

Tokia: Gasteizko Artium Museoko Plaza.

Eguna: maiatzaren 11an, 21etatik 00.30era.

Antolatzaileak: «Geu» Aldizkaria eta «Geu» Elkartea

Sarrera: 5 euro (2,5 euro bazkideentzat).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo