GARA > Idatzia > Ikusmira

Lan istripuak, aurre egin beharreko arazoa

Astelehenean 62 urteko nekazari bat hil zen Cascanten traktoreak azpian hartuta, atzo jakinarazi zutenez. Nabarmenkeria izan arren, badirudi gogorarazi egin behar dela lan jarduerak segurtasun baldintzarik onenetan egin behar direla. Eta lan istripu bat gertatzea ez dela halabeharraren ondorioa edo zorte txarraren eragina, baizik eta, gehien-gehienetan, segurtasun neurririk ezaren ondorioa, lan baldintza txarren ondorioa, alegia; neurri horiek hartzea agintzen duen legea aplikatzea zorrozki bete dadila zaintzen ez dutenak ahaztu gabe. Aurten dagoeneko dozenaka langile hil dira Euskal Herrian eta askoz gehiago zauritu. Atzo bertan beste bi Elorrion eta Sestaon. Noizbehinka, administrazio autonomikoetatik Europar Batasuneko instituzioetara, asmo eta plangintza arranditsuak iragartzen dituzte, baina lan ezbehar kopuruaren zenbakiek goranzko joerari eusten diote, lan baldintza kaskarrek beheranzkoari eusten dioten aldi berean, prekarietatea baita lan istripuen kausa nagusia.

Duela hamar egun, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, sindikatuek prekarietatearen eta haren ondorio tragikoen salaketa ozena egin zuten. Zoritxarrez, egun bateko mobilizazioa baino zerbait gehiago beharko da arazo larri horri aurre egiteko. Lehenik, borondatea eta ondoren, bitartekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo