Mikel Goñik ezuste gozoa eman du
J.L. | SENPERE
Ibarrola-Berasategi eta Sorhuet-Goñi II.a izango dira Herri Urrats Torneoko finalean, atzo lortu baitzuiten bertan izateko txartela.
Lehen partidan ez zen inongo ezusterik izan. Ibarrola eta Berasategi ziren garaipena lortzeko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Patrick Ozafrain izango zen lauetan onena, baina atzo Iker Alvarez zuen aurrean, eta garbi dago gipuzkoarra oraindik ez dagoela besteen mailan.
Gainera binaka Ibarrolak asko jokatzen du. Batez ere sakea oso bortitza du, eta lehen jokaldiarekin asmatzen baldin badu, triskantza handia egiten du, eta atzo horixe egin zuen, 13 sartu baitzituen.
Finalerdi hau ez zen handia izan. Berdinketa bigarren kintzean bakarrik izan zen, hortik aitzinera garaipena lortu zuen bikoa jaun eta jabe izan baitzen.
Bote asko
Bigarren finalerdian eman zen ezusteko nagusia. Bertan, Sorhuetek eta Mikel Goñik irabazi egin baitzuten. Trinketean sakeak garrantzi handia izaten du, baina atzo ez zuen estraineko jokaldiak erabaki. Muskarditzek 15 kintze sartu zituen lehen jokaldian, baina hala ere ezin izan zuten finalerako txartelik lortu.
Sebastien Sorhuetek aurrean lan bikaina egin zuen, baina dudarikan gabe, gaueko ezustea Mikel Goñik eman zuen. Oronozko pilotariak lan bikaina egin zuen. Egia da aurrean Pausuako pilotariak gauzak asko erraztu zizkiola, baina Goñi II.a ez da trinketeko pilotaria, baina bikain aritu zen.
Hala ere, Muskarditzek izan zenarekin zer ikusi gutxi dauka. Botrarekin oso ongi aritru zen, baina hortik aitzinera galduta aritu zen. Dermit bera ere ez zen ongi aritu. Finala etzi jokatuko da Senpereko Gantxiki trinketan 20.00etatik aitzinera. Bertan Ibarrola-Berasategi Sorhuet-Goñi II.aren aurka neurtuko dira.
18
40
40
31