GARA > Idatzia > Musika

Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika adiktoa

Klima aldaketa eta berreskura dezagun kalea

Egunak luzeagoak eta argitsuagok dira. Eta orain, eguraldia «alde" dugula, ez dugu aitzakiarik. Atera gaitezen kalera, berreskura dezagun kalea. Euskal Herrian antolatzen diren musika emanaldi gehienak leku itxietan egiten dira, euriaren eta hotzaren babespean. Hemendik aurrera izango dugun eguraldi «abantailatuarekin" ez dugu aitzakiarik izango.

Klima aldaketa guztion ahotan dabilen gaia da. Berotegi efektuak aldaketa larriak ekarriko dizkio lurrari eta dagoeneko lurraren beroketaren ondorioak jasaten hasiak gara. Gauza txar guztiek beren alde ona dutela esaten da eta, dirudienez, gizakiok sortutako kutsaduraren ondorioz, azkenean, urtetan amestutako Euskal Herria «tropikala» izango dugu aurki. Euskal Herri gris eta euritsua gure oroimenaren parte izango da hemendik aurrera eta berde kolorea paperean edo pantailan ikusiko dugu soilik. Euskal Herria basamortu bihur ez dadin, ordea, neurriak hartu beharko ditugu, jakina, baina, era berean, etorkizuneko Euskal Herri tropikalean gauzak mantso joango direnez, neurri horiek hartu eta emaitzak lortu bitartean, goza dezagun gure eguzki «berriaz».

Negua desagertzeko zorian dagoen honetan, udaberri eta uda luzeak ditugu aurretik. Egunak luzeagoak eta argitsuagok dira. Eta orain, eguraldia «alde» dugula, ez dugu aitzakiarik. Atera gaitezen kalera, berreskura dezagun kalea. Euskal Herrian antolatzen diren musika emanaldi gehienak leku itxietan egiten dira, euriaren eta hotzaren babespean. Hemendik aurrera izango dugun eguraldi «abantailatuarekin» ez dugu aitzakiarik izango.

Atera dezagun musika kalera, gauez zein egunez. Zergatik ez. Antola ditzagun musika kontzertuak (elektrikoak zein akustikoak, berdin dio), txarangak, disko jartzaileen sesioak eta bururatzen zaigun guztia, eta egin dezagun kalean eta egun argiz (edo ilargi argiz). Eta beste inork ez badu egiten, izan zaitez zu zeu antolatzaile. Egin ezazu zuk zeuk. Ez da batere zaila.

Hori bai, udalek jarritako traba burokratiko guztiak gainditu beharko dituzu aurretik (gauzak «baimenik» gabe antolatzen ez badituzu behintzat) eta kontutan izan, talde lanean errazago gainditzen direla oztopoak; hori argi dago. Berreskura dezagun kalea. Ordezka ditzagun autoen zarata eta kea bafleen dardaraz. Zabal ditzagun lau haizetara gustuko ditugun doinuak eta alai ditzagun musikarekin herriko kale, plaza eta txokoak. Bizia eman diezaiogun herriari eta borroka dezagun zarata. Hori bai, eguzkitako betaurreko ilunak, txapela eta babes faktore altua duen eguzkitako krema eskura eduki beharko ditugu beti, ez gaitzala eguzki irradiazioak festa nahi baino lehenago bukatzera behartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo