GARA > Idatzia > Gaurkoa

Martin Aranburu Carrera Politologoa

Udalbiltzaren osaketa

Datozen hauteskundeek Euskal Herrian utziko dituzten ondorioetaz aritzea oso tentagarria suertatzen zait gaurkoan. Aztertu beharreko aspektuak anitzak baitira: Nafarroan, UPNri gailendu diezaiokeen legebiltzar gehiengoa lortzea, lau probintzietako udaletxe askotan gerta daitezkeen aliantza berriak, aspaldiko partez EAren indar politiko eta sozialaren kuantifikazioa, Aralarren eta EBren arteko koalizioaren onarpen soziala, PSEren indar neurketa eta zer esanik ez, EAJn emaitzek, eta zehazkiago erratearren, erakundez erakunde egin beharreko matematika ariketa berriek, etxe barruan bultzatuko duten lehia eta erabaki politikoak, besteren artean.

Hala ere, herri honen normalizaziorako, udaletan izan daitezken paktoak baino garrantzitsuagoa izango da planteamendu politiko guztien presentzia. Lerro hauek idazterakoan Auzitegi Konstituzionalak ez du hitzik esan oraingoz. Ez noa hain garbia den aspektu batez aritzea, baina Arafatek Nazio Batuen batzarrerako eginiko hitzaldian egindakoa eta esandakoa erabiliko dut legalizazio eta ilegalizazioaren inguruan nire iritzia esateko.

Arafatek egindako hitzaldian bi gauza altxatu zituen batzarkideen aurrean: olibondo hostoa eta arma bat. Olibondo hostoa jasota, tresna horrekin politika egiterik ez bazuen, beste eskuan zeraman arma erabili beharko zuela esan zuen garbi eta ozenki. Hemen, euskaldunen arteko liskarrei probetxu politiko eta historikoa ateratzen dieten alderdi espainolek olibondo hostoa kendu nahi diote ezker abertzaleari.

Aspektu asko badira ere, guztien artetik, Udalbiltzaz aritu nahi dut gaurkoan. Gure herriaren psikologiaren elementu erakusgarri bat izan bada azkenaldian, Udalbiltza da berau. Bere existentziaren beharraz denak ados. Konbenientziaz ere bai. Halere, bat gutxiegi zela eta badaezpada bi egin genituen! Txantxak alde batera utzita, ez da erantzunkizunak banatzeko garaia. Gertatuak gertatu, etapa berri baten atarian gaude, eta aurrera begiratzeko asmoarekin egiten dut artikulu hau.

Udalbiltza bakarra da herri honen nahia. Euskal Herrian sinisten duten herrietako hautetsiek beren borondatez osatzen duten erakunde nazionala. Ezer ez ordezkatzeko intentzioarekin, osatzeko asmoarekin baizik. Bertan, abertzale desberdinek topa behar dute egin, aho batez onargarriak izango diren aspektua urria izango direla jakinik, baina zintzotasunez Euskal Herriaren alde arituz. Borrukatu behar denean borrukatzen. Galtzen bada galduz eta irabazten bada irabaziz. Legebiltzarrean, udaletxeko debateetan edo hainbatetan suertatzen den bezalaxe. Udalbiltza egoera politikotik harago egongo den erakundea izatea lortu behar dugu denon artean. Desadostasunak edo ezinikusiak egoera politikoan nagusi izango den garaian ere jarraituko du lanean Udalbiltzak. Horixe lortzearren, oinarrizko printzipioak adostu eta onartu behar dituzte alderdi nagusiek, beraien hautetsiak izango baitira naugusiki Udalbiltzaren osasunaren mesede edo errudun: Osaketa, funtzioak, finantziazioa eta bermak. Lau talde nagusi eta orokor, baina lau kontzeptu horiek biltzen dituzten aspektu guztiak lotuta, Udalbiltza edozein egoerari egingo dio aurre, edozein udaletxek edo legebiltzarrek egiten dion bezalaxe.

Osaketa izango da adostu beharreko lehenengo aspektuetako bat. Zer egin ezereztatuak izan eta herri bateko biztanleen bozak lortzen dituzten ordezkariekin? Udalbiltzako kide izateko eskubidea al dute horiek? Denon artean irtenbideak topatu beharko genituzke demokraziaren aurka doan aspektu hori gainditzearren eta, modu berean, Udalbiltza erakundeari merezi duen status formala eta loteslea apurka-apurka emanda. Gutxiren gustokoa den iritzia emango dut gai honen inguruan, baina Udalbiltzaren gainean egon diren desadostasunak gainditzearren behin eta betiko baliagarria izango den osaketa onartu beharko litzaioke Udalbiltzari: udal hauteskundeetan hautetsi akta lortuko duten euskal hiritarrak izango dira, hala nahi badute, Udalbiltzako kide. Euren burua ilegalizatuta ikusi duten euskal herritarren borondatea ordezkatzeko formularik topatu ditzake Udalbiltzak. Esaterako, bigarren ganbara bat osatuta eta bertan ilegalizatu dituzten hautetsiak txertatuz. Ganbara hori behin-behinekoa izango da, eta bere funtzioak Udalbiltzaren batzarrak onartuko lituzke. Hartara, Udalbiltza betikotu, bere lana jarraitu dezan ahalbideratu eta ordezkaritzaren gaiari soluzio bat ematen zaio.

Udalbiltzaz hitz egiten bukatzeko zintzoki eskertu beharreko esfortzuak dira gogoratu beharrekoak. Udalbiltza batena eta bestearena. Berdin dit. Udalbiltza bizirik mantendu da, eta esfortzu horretan aritu direnei beren lana eskertu behar zaie. Soinean daramaten kolore politikotik haratago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo