GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHBEk salatu du Lakuak «iruzurra» egin nahi duela curriculum egitasmoarekin

Lakuako Hezkuntza Sailak bere curriculum dekretua aurkeztu zuen asteazkenean, eta atzo Euskal Herriak Bere Eskolak gogor salatu zuen Gobernu autonomikoaren egitasmoa. «Iruzurra» egin nahi duela uste du.

Iker BIZKARGUENAGA |

Euskal Herriak Bere Eskolak udaberri eta udazken aldean izango diren hezkuntza jaietan parte hartzera deitzeko egin nahi zuen atzo Gasteizen izandako prentsaurrekoa, baina Lakuako Hezkuntza Sailak asteazkenean ezagutarazi zuen bere curriculum egitasmoa, eta herri-ekimen horretako ordezkariek beharrezko jo zuten iritzia ematea.

Edurne Larrañagak eta Ibai Redondok hartu zuten hitza EHBEren izenean, eta salatu zuten Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak «iruzurra egin nahi diela euskal gizarteari eta Euskal Herri osoko hezkuntza komunitateari». «Camposek `euskal curriculum' gisa aurkeztu zuena ez da Euskal Curriculuma, baizik eta EAErako curriculum dekretua», nabarmendu zuten.

Horiek hala, EHBEren iritzirako, Lakuako Hezkuntza Sailak «hizkuntzaren erabilera interesatua» egin du auzi horretan, «badakielako euskal gizartea eta hezkuntza komunitatea Euskal Curriculumaren alde dagoela, eta ez haiek asteazkenean aurkeztutako lardaskeriaren alde».

Izan ere, Larrañagak adierazi zuen: «Euskal Currikuluma Euskal Herri osorako egitasmo pedagokikoa izango da». «Bertan zehaztuko dira Euskal Herri osoko ikasle guztiek derrigorrezko irakaskuntza amaitzean barneratu beharreko balio, jakintza eta ezagutzak, eta abiapuntua Euskal Herria izango du, eta ez Espainia, asteazkeneko proposamenak bezala», gaineratu zuen EHBEko kideak.

«LOEren garapen soila»

Alde horretatik, gogora ekarri zuen Euskal Curriculuma Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Ikastolen Konfederazioak sinatutako hitzarmenaren ildotik aurrera eramaten ari den prozesua dela, «amaitu gabea dagoena eta epe propioak izango dituena». Hala, kideak azaldu zuen EHBEk egitasmo horren alde egin duela, egiten duela eta aurreratzean ere egingo duela.

Errealitate horri kontrajarriz, Larrañagak aipatu zuen Hezkuntza Sailaren curriculum dekretua «Espainiatik inposaturiko LOE legearen garapen soila» dela, «nahi bada, ikuspegi `euskañol' batekin apaindua». Horren gainean nabarmendu zuen, LOE delakoak zehazten duenaren arabera, ikasketa-planaren %55 Estatu espainolak ezartzen duela eta, kasu honetan, %45 soilik erabaki dezakete EAEko erakundeek. Gainera, %45 horren gainean ere «zalantzak» dituztela esan zuen, «ikuspegi espainoletik» eginikoa baita.

Lakuaren curriculum dekretua, Euskal Herri osoko ikasleei zuzendu beharrean, EAEko ikasleentzat eginikoa dela ere deitoratu zuten, eta «larritzat» jo zuten bertan «Konstituzio espainolaren eta Autonomia Erkidegoen estatutuen balioak ezagutu eta barneratu» behar direla esatea. «Non gelditzen dira euskal herritarron eskubide eta betebeharrak? Hezkuntza Sailak ezagutzen ditu? Horien alde zer egiteko prest dago?», galdetu zuen Larrañagak.

Euskal Curriculuma «euskal herritarrei dagokien eskubidea» dela uste du EHBEk, eta horren araberako Hezkuntza Sistema Nazional bat antolatzea hobesten du. Alde horretatik, urratsak egin direla eta egiten jarraituko direla ziurtzat jo zuten, eta deia egin zieten euskal gizarteari eta hezkuntza komunitateari bide horretan lanean jarrai dezaten, ekarpenak egin ditzaten, eta, gainera, mobilizaioetan parte har dezaten.

hezkuntza jaiak

EHBEk udaberrian eta udazkenean izango diren hezkuntza jaietan parte hartzeko deia egin zuen, eta jai horien antolatzaile Ikastolen Federazioek, Sortzen-Ikasbatuaz-ek eta Eskola Txikiek egiten duten lana txalotu zuen.

hitzorduak

Lehen hitzordua igandean izango da, Senperen, bertan izango baita, oztopo guztien gainetik, Herri Urrats. Gero, Ibilaldia eta Sortzen-Ikasbatuaz-en jaia; Araba Euskaraz, Eskola Txikien jaia, Kilometroak eta Nafarroa Oinez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo