Biztanleen nahia errespetatzeko eskatu du Txingudi Bizirik-ek
Txingudi Bizirik elkarteak Mankomunitatea eta erraustegia babesten duten alderdiak biztanleria nahasten ari direla salatu du. Hondakinekin zer egiteko asmoa duten argitzeko eta herritarren borondatea aintzat hartzeko eskatu die hauteskundeetara aurkeztuko direnei: «Makina bat aldiz aldarrikatu dugu ez dugula industria kutsatzaile hori nahi gure bizitzan".
Maider IANTZI |
Txingudiko Mankomunitatea Bidasoako eskualdean erraustegia eraikitzeko urratsak egiten ari da orain dela zenbait urtetatik, baina herritarren etengabeko protestak erabakia atzeratzea lortu du. Hala azaldu zien atzo Txingudi Bizirik elkarteak komunikabideei: «Biztanleriak proiektua onartu ez duenez, agintariak isildu egin dira hauteskunde atarian. Hala eta guztiz ere, joan den astean Jose Antonio Santano Mankomunitateko presidenteak argi utzi zuen planta egiteko proiektua bere bidea jarraitzen ari dela eta ez dutela kontrakoa pentsatzeko moduko erabakirik hartu».
Ingurumena babesteko lanean ari den plataformak arriskutsutzat jo zituen Santanoren solasak: «Ez du biztanleriaren iritzia kontuan hartzen, ezta gaiari buruzko eztabaida soziala irekitzen ere, eta pertsonen osasunerako egitasmo arriskutsua babesten segitzen du». Txingudi Bizirik-en arabera, hauteskundeen atarian agintariak herritarrak nahasten ahalegintzen ari dira; gauzek orain arte bezala jarraitzen badute, ordea, erraustegia eraiki eginen dute. «Gure dirutik hiru milioi euro inbertitu dituzte eta denbora honetan guztian ez dute proiektu alternatiborik prestatu nahi izan. Beraz, ez dago arrazoirik plantaren eraikuntza geldiaraziko dutela pentsatzeko», hausnartu zuen.
Egoera hori salatzearekin batera, Bidasoako bizilagunek osatutako plataformak zenbait eskakizun egin zien datozen hauteskundeotan izanen diren politikariei: «Eskualdeko biztanleen borondatea errespetatzeko exijitzen diegu zerrendak aurkeztu dituzten hautagai guztiei; erraustegia eraikitzeko asmorik baduten eta zaborrak nola tratatzea pentsatzen duten argi esateko ere bai; eta, herritarrok erraustearen metodoa gaitzetsi dugunez, berehala alternatibak emateko».
Herritarren parte-hartzea
Txingudi Bizirik plataformako lagunek ohartarazi zutenez, Irungo eta Hondarribiko herritarrek ez dute politikarien eskuetan soilik utzi behar zaborren tratamenduari buruzko erabakia. Izan ere, «ardura eta demokrazia falta erabatekoa» erakusten ari dira. «Hemendik aurrera hondakinen kudeaketa herritarren parte-hartzearekin egin behar da, osasunaren eta ingurumenaren babesari lehentasuna emanda, denon ardura baita gure seme-alaben osasuna zaintzea eta ongi bizitzeko moduko ingurunea uztea».
Hiru milioi inbertitu dituzte erraustegian eta ez dute alternatibarik aurkeztu. Txingudi Bizirik-en ustez, orain arte bezala segituz gero, planta eraikiko dute.