GARA > Idatzia > Herri-kirolak

XIBA

Zortzi taldek parte hartuko dute bihar Sarako jaialdian

GARA | SARA

Angelu, Biarritz, Baiona, Sara, Urruña, Itsasu, Luhuso eta Ziburu. Herri horietako zortzi taldek parte hartuko dute bihar Lapurdiri dagokion Xiba herrien arteko euskal jokoen laugarren jaialdiko saioan. Oraingoan, Xiba Saran izango da. Hain zuzen ere, parte-hartzaileak 15.00etarako deituak daude Sarako plazan. Dena den, jaialdia 17.00ak arte ez da hasiko, eta 19.00etan bukatzea espero dute.

Sarako plazan bilduko diren lagunek orain arteko jaialdietan izan diren euskal jokoak egin beharko dituzte: jaso-altxa, xiba, mus, toka, dantza, auzolana eta sokatira. Horiek hala, joan den larunbatean Bergaran jokatutako proba beretan trebatu beharko dira lapurtarrak.

Ikastolen arteko lehia Senperen

Sarako jaialdiaren berri emateaz gain, herrien arteko euskal jokoen topaketa horien antolatzaileek nabarmendu zuten ikastolen arteko azken nazio jaialdia ere asteburu honetan izango dela.

Jaialdi hori Senperen egingo duten Herri Urrats festaren barruan antolatu dute. Igandean egingo dute, beraz. Senpereko aintziraren inguruan egongo den Zuberoa gunean izango da, 12.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo