GARA > Idatzia > Kultura

Udaberriko antzerki haize epelak...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Udaberriko eguzki printza epelekin batera hasi dira geure artera etortzen antzerki azokak, jaialdiak eta topaketak. Negu hotza antzoki itxietan eman ondoren, erakargarri bilakatzen du kalea eguraldi epelak. Eguzkiaren berotasunak azaleratutako usainekin batera hasten gara gu ere kaleak berriz ere gozatzen, erakusleihoetan begiratzeko denbora hartzen, izozki baten irrika izaten eta... tabernetako zarataren bilatzaile bilakatzen gara. Udaberriak kalea dakar, baina baita lagunartean egoteko taberna ere... lana amaitzean, gaualdean, edota asteburuetan. Edari eta pintxo artean hobeto komunikatzen omen gara euskaldunok...

Eta minigonak eta sandaliak armairuetatik ateratzen hasten garen moduan, geure neguko armairutik ateratzen hasten gara gu geu ere. Antzerkia bezala. Antzoki handiak husten hasiko dira orain. Hainbeste maitasun, min eta alaitasun istorioren lekuko izandako hormek negu luzeko sekretuak euren artean kontatzeko beharra izango balute bezala. Kaleak eta tabernak izango dira oraingo honetan mila sekreturen habia bilakatuko direnak. Badira hamasei urte Poltsikoko Antzerki jaialdia hasi zela Donostiako taberna eta antzoki txikietan. Formatu txikiko ikuskizunak gozatzeko aukera eskainiko digu hiri osoan zehar hilaren 27ra arte. Antzerkia ikuslearengana gerturatzeko desioarekin sortutako jaialdi honek denetarik ikusteko aukera paregabea eskainiko digu kaleak eta tabernak gustatzen zaizkigunoi. Nork esan du kultura eta tabernak kontrakoak direnik? Baxoerdi bat hartzeko aitzakia ederra... Eta etxeko gozotasunean egotea nahiago duten horientzat ere, badago beste aukera on bat. Casares Irratiak dramatizazio lehiaketa bat antolatu du. Euren obrak idatzi, irratian irakurri eta lehiaketa batean parte hartu nahi dutenentzat. Etxetik ere kultura bultza daitekeela... Eta gaztetxoei zuzenduko diet nire azken begirada. Urte osoan eskolan prestatzen aritutako antzezpenak aurkezteko aukera izango baitute hilaren 14tik aurrera. Donostiako antzoki desberdinetan arituko dira lan eta lan gure geroko artista handiak... Asko dira, beraz, udaberriak dakartzan antzerki haizeak... Eta aurreko asteburuan emakumeen izarapeko sekretuak lau haizeetara zabaldu ziren bezala zabalduko gara gu eta baita antzerkia ere. Udaberrian loreak bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo