GARA > Idatzia > Ikusmira

Auzitegi Nazionalaren beste erabaki politiko bat

Joan den abenduaren 15ean, «Egunkaria» itxi eta ia lau urte geroago, Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak auzi hori ixteko eskatu zuen, ez baitzuen egunkari hura ixteko arrazoirik atzeman. Herenegun, ordea, Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia eta AVTren akusazioek eskatu bezala, auzia epaitzea erabaki zuen, Fiskaltzaren eta defentsaren argudioei ez ikusiarena eginda, haiek aipatu ere egin gabe. Estatu espainoleko Justizia aparatuak uste du dagoeneko ez dituela itxurak ere egin behar, eta ez da zaila erabaki horren bultzada politikoa sumatzen, ez Euskal Herrian, behintzat, batik bat Euskal Herriko bizilagunek pairatzen baitute joera politikoa prozedura eta argudio juridikoen gainetik jarri izana. Baina Euskal Herritik kanpo ere askok ikusi dute behin eta berriz bultzada hori epaileen erabakietan. «Egunkaria» auzian, jurisprudentziaren arabera, ez zuten epaiketarik egin behar, Fiskaltzak auzia ixteko eskatu baitzuen eta Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak herri akusazioa baitira. Dirudienez, ez zen nahikoa egunkari bat itxi, hainbat lagun atxilotu, zenbait egunez Guardia Zibilaren eskuetan eduki eta haietako zenbait kartzelatzea. Nahikoa izan ez eta lau urte geroago, legez ezin bada, legea bere esparrutik aterata, auzipetuta dauden zazpi lagunen kontrako ahozko epaiketa egitea erabaki du Auzitegi espainol horrek, orain arteko bere irizpideen kontra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo