Floren Aoiz Irakaslea
Udaberria mugatu nahi dute
Silvio Rodríguezek udaberrien mugatzaileak aipatzen ditu bere kantu batean. Pozik egonen dira egunotan mugatzaile horiek, kalte handia egin baitiote euskal herritarron ilusioari. Katean uztartuta etorri dira PSOEren Gobernuaren inpugnazioak, EAJren mezuak, Epaitegi Gorenaren erabakia eta Konstituzionalarena. Denak bide beretik, errepresioa bake saioaren kontra. Haizeak eraman ditu duela hilabete batzuk espainiar Gobernuak ETArekin hartutako konpromisoak, eta ikasi dugu Rodriguez Zapateroren hitzak balio duena. Ezker abertzalearen zerrenda gehienak ilegalak dira, horien artean Nafar Parlamenturako zerrendak. Erabaki honen garrantzi politikoa begi-bistakoa da, eta oztopoz bete du Nafarroako jendarteak amesten zuen aldaketa politikoaren bidea. Orain, zer? Orain errazagoa du Sanzek lehendakaritza, eta EAJk lortu du nahi zuena, espainiar Estatuak eskaini baitio Nafarroa Bairi ezker abertzaleak legalki joanez gero izanen ez zuen aukera.
Laster ikusiko ditugu putreak gure gainean hegaka, boz eske. «UPN gobernutik kendu behar da -esanen digute-; zuen bozak ez du balio, emaiguzu guri, beraz!». Eta berriz ere, duela lau urte bezala, komeria iraingarriak jasan beharko ditugu, elkartasuna adieraziko digutelako esku batez besteaz labana sartzen digutelarik. Nafarroako eskuinaren nagusitasuna bermatu dute, hau da errealitatea!
Gorde ditzatela beren malko nazkagarriak! Gertatu dena oso larria da, eta hartu diren erabaki sakonagoen ondorioa da. Denbora izanen dugu honek guziak nora eramanen gaituen jakiteko, baina nork bere ardurari eutsi beharko dio, eta estatuak erakutsi digu euskal herritarroi ez dagoela hainbat ideia defendatzeko bide legalik. Nazio eskubideak aldarrikatzen ditugunendako lekurik ez beren «demokrazian».
Udaberrien mugatzaileek ilundu dute aurtengoa. Lainoz bete dute etorkizuna, baina gure historiak argitzen du negu guzien gibeletik datozela udaberriak, berandutu arren. Norbaitek pentsatu du, nonbait, hartu diren erabakiek PSOEren indarra erakusten dutela. Nik, berriz, uste dut bide horretatik segituz gero Rodríguez Zapatero ez dela luzaro izanen Moncloako inkilino. Ziur aski honetaz mintzatzen ariko dira laster Imaz eta Rajoy.
Ez digute kenduko, dena den, udaberriaren aldeko boza emateko poza. Legala ala ez, boza emankorra izanen da, ziur asko: emankorrena. Gora udaberria!