Aritz Espina Antolin Gasteiz
Ez duzue lortuko
Beste inposaketa bat ernaltzen doa gutxinaka-gutxinaka, gehiegi jasan dituen herri txiki honetan. Lurraren gainean aizkorakada sakonez eragindako zauriek, bizitza osorako orbainez zipristindu nahi dute gure paisaia. Euskal Herriaren etorkizun bezala ezarri nahi diguten azpiegitura berri hau, Europako atea izango dela esaten dute. Baina zertarako nahi dugu ate bat, etxea txikituta geratzen bazaigu? AHT mespretxatu eta gizarte ezberdin baten alde egiten dugunok, instituzioen aihergatasuna jasateaz gain, era atenporalean jokatzen dugula esaten zaigu, etorkizun eta aurrerapenei ateak itxiz. Suposatzen dut, Lemoizko zentralik gabe azak eta porruak bakarrik jan eta ekoiztera kondenatuta geundela esaten zutenek, oraingoan AHT-rik gabe astoek bultzatutako gurdien bidez bidaiatu beharko dugula esango dutela.
Instituzioek gezurra eta inposaketa ixilaren bideak aukeratzen dituzten bitartean, herriak antolakuntza eta borrokaren bidearen aldeko hautua egiten du. AHT Gelditu Elkargunea, herri kontsultak, mobilizazioak... horren guztiaren aurrean, Lakuak biolentzia legalaren apustua egiten du eta haien herria kolpatzeaz bizi direnak bidaltzen ditu, emisario «demokratiko» gisa. Beldurra dio PNVk herri honen hitzari.
Baina herriak beti jakin izan du beharrezko erantzuna ematen. Eta nahiz eta sufrimenduz beteriko historia idaztera kondenatu gaituen honek, biolentzia legalean babestu diren inposaketa instituzionalek erantzunezko biolentziak sortu dituzte bueltan.