GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Daniel Irigoiena, Javier Carlosena, Felix Jamar Nafarroako Pirinioetako hautetsiak

Pirinioak bizirik

Nafarroako Gobernuak proposatu duen Garapen Planak ez du gure eskualdeko egoera larria aldatuko. Eskatzen dugu benetako garapen plan bat martxan jartzeko

Hilabete hauetan, ziurrenik, entzun edo irakurri izanen duzue Nafarroako Gobernuak Pirinioak Garatzeko Plan Estrategiko bat martxan jarri nahi duela.

Gure lurraldearen arazo larria dela kausa, Nafarroako Pirinioetako toki entitateek behin eta berriro eskatu dute plan hori garatzea; izan ere, gero eta biztanle gutxiago ditugu gure herrietan, ekonomia tradizionala atzera doa, eta, horri, ez zaio alternatibarik ikusten, ez dago gazteak eskualdean bizitzen gelditzera animatzen dituen pizgarririk.

2004. urtean gure komunitateko Gobernuak Nafarroako Lurraldeko Estrategia prestatu zuen. Haren bidez, datozen 25 urteren bitartean garatu nahi diren jarduketa lerro orokorrak proposatu ziren. Horri alegazioak egiteko epean Nafarroako Pirinioak osatzen duten toki entitateek argi ikusi zuten zein zen gure eskualderako han erabakitzen zen etorkizuna, eta, hori dela-eta, exijitu zuten berehala aktibatzea eskualderako Emergentziazko Plan bat. Alegazio hori kontuan hartu zuen eta ondoren, Nafarroako Parlamentuak eskakizuna biltzen zuen Lurralde Estrategia onetsi zuen. Erabaki horri jarraiki, Nafarroako Gobernuak Pirinioak Garatzeko Plan Estrategikoa egitea erabaki zuen.

Planaren garapenaren jarduketa eremuan Agoitz eta Irunberri sartu zituzten. Gure ustez horien errealitate sozio-ekonomikoak ez dauka zerikusirik Pirinioetako herrietakoarekin eta, hortaz, hasieratik jarri genuen zalantzan eskualde horiek sartzea eta eskatu genuen jarduketa eremutik kanpo gelditzea, baina gure eskaera ez zuten aintzat hartu.

Plan Estrategikoaren jarraipena egiteko mahai bat osatu zen eta horretan Nafarroako Gobernuko Departamentu guztietako ordezkariek parte hartu zuten (hori guztiz positiboa iruditu zitzaigun); horietaz gain, toki entitateetako sei ordezkari zeuden, Lurraldearen Antolakuntza, Etxebizitza eta Ingurugiro Departamentuko Kontseilariak izendatuak, eta Cederna-Garalurreko ordezkari bat. Planaren idazketaz eta jarraipen teknikoaz Nasursa enpresa publikoa arduratu da.

Hasieratik 94 hautetsik esan genuen batzorde horretan eskualdean bertan hautatutako toki entitateetako ordezkari gehiagok egon beharko lukeela, baita horiei laguntza emango lieketen teknikari gehiagok ere. Gure helburua zen eskualdetik bertatik lan egitea, irizpideak batuz eta ikuspegi orokorra kontuan hartuz, hala nola toki entitateen ekimenak eta eskualdean lan egiten duten agente ekonomiko eta sozialenak bilduz. Baina planteamendu hori ere ez zen kontuan hartu.

Joan den irailean 2007-2009 epealdiko Garapen Planaren edukia aurkeztu zuen eta hori gauzatzeko aurrez ikusitako dirua 211 milioi eurokoa zen. Haisera batean, aurreikusitako dirua ikusita, planteamendu serioa eta plan bikaina zirudien.

Baina, hura zehazki aztertu ondoren, (analisi hori Pirinioetako 106 hautetsik berretsi dute), ikusi dugu proposatzen dituen zenbait neurri Nafarroako Gobernuko Departamentuetako planetan eta aurrekontuetan sartuak zeudela, hots, gure eskualdean egiten ari diren jarduketak biltzen dituela, eta ez dela inolaz ere ez, toki entitateetako ordezkariek proposatutakoa isladatzen.

Planaren baliabide ekonomikoen %70, plana prestatu baino lehen aurrez ikusita zeuden proiektuetarako da, hots, aldez aurretik onetsita zeuden edo gauzatzen ari ziren, eta horien garapena ez dago planaren menpe. Adibidez, Jakako autobidea; horretarako 50 milioi euroko aurrekontua ezarri da.

Eskualdetik eskatutako Garapen Planarekin bat egiten duten neurriak aurrekontu osoaren %14 dira, gutxi gora behera 30 milioi euro. Horietako neurri asko ikerketa edo proiektuetara mugatzen dira, eta eskualdeko garapenean eragin gehien izan ahalko luketen neurriek aurrekontu txikia dute.

Plan horretan ez dira kontuan hartu eskualdetik eskatutako zenbait neurri. Neurri horiek arlo batzuekin dute zerikusia, hala nola eskualde barneko errepideen hobekuntza, lanpostuen sorrera (politika eraginkorrak, Aezkoa-Erro, Zaraitzu eta Erronkarin lanpostuak sortuko dituztenak, batez ere, emakumeentzako lanpostuak, Nafarroako Gobernuko benetako inplikazioa eskatzen dutenak, Sodena edo antzeko baten bidez), etxebizitzen sustapena (eskualde osoa zaharberritzeko lehentasunezko eskualdea deklaratzea, bertako etxebizitzak mantendu eta zaharberritzeak kostu handia ekartzen duela kontuan hartuta, eta etxebizitza babestuak egitea ahalbidetuko duten politika eraginkorrak aurrera eramatea) eta gizarte-politiken hobekuntza nabarmena (batez ere Osasuna eta Hezkuntza arloetan, horietan lan egiten dutenen egonkortasun-eza nabaria delako, eta zentroek behar handiak dituztelako ekipamenduei eta ematen dituzten prestazioei dagokienez).

Nafarroako Gobernuak proposatu duen Garapen Planak ez du gure eskualdeko egoera larria aldatuko, eta exijitzen dugu benetako Garapen Plan bat martxan jartzea; eskualdea indarberrituko duen plana, benetan ez badugu biztanlerik gabe gelditu eta hiriko bizilagunen bigarren bizileku eta atseden-leku bihurtu nahi. Horrelako plan bat egiteko beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Departamentu guztien, toki entitateen, eta eskualdean ekonomia eta gizarte arloan lan egiten duten agenteen elkarlana eta koordinazioa eta beharrezko baliabide ekonomikoak jartzea, bestela irudia garbitu besterik ez dugu lortuko.

Hauteskundeak direla-eta, alderdi politiko guztiei eskatu nahi diegu jarrera garbia erakusteko eta benetako konpromezua hartzeko Pirinioak bizirik mantentzeko, eta era berean egingo dugu gaur Ezkaroztik Otsagirainoko bidea: Pirinioak bizirik!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo