Bonbereneak proiektu ugarirekin ospatuko du hamargarren urteurrena
Aurten beteko dira hamar urte Tolosan gazteak batzeko leku bat behar zela-eta, lehen urratsak eman zirenetik. Bi hutsarazteri aurre egin behar izan zieten lehenik, baina bere tamainari egokitutako eraikina topatu eta okupatu ostean, hasieran egunetako kontua zirudienak urteetan iraun du.
Aurretik ere bide pixka bat egina zuen, baina Bonbereneak azken urteetan eraldaketa itzela izan du. Zortzi urte betetzear dago eta, denbora horretan, etxe zuri zahar bat izatetik, instalazio eta erraztasun ugari batzen dituen etxe dotorea izatera igaro da eraikuntza bera. Tartean, lana, lana eta guzti hori egiteko ezinbestekoa den gogoa eta iniziatiba daude.
1997an herrian kontzertuak antolatzeko edota taldeak elkartzeko zegoen gabezia ikusita, hainbat kolektibo eta taldetako kideak bildu eta okupazioaren aldeko apustua egin zuten. 1999ko abenduaren 5ean, hain justu, udal suhiltzaileen egoitza okupatu zuten. Zazpi egun baino ez zituen iraun saiakera hark. Udalak eraikina uzteko agindua eman zien eta Ertzaintzak hustuarazi zuen. «Orduan, gainera, hamaika pertsona atxilotu zituzten eta horietako lauren aurkako epai-prozesua abiatu zuten», gogora ekarri du Bonbereneako kide Patxi Muñoak.
Berehala iritsi zen, ordea, hurrengo saiakera, zenbait egunez kalea euren biltoki eta kontzertuetarako oholtza bilakatu ostean. Udal Euskaltegi zaharraren egoitza izan zen okupatu zuten lekua, eta berriz ere, soilik zenbait egunez iraun zuen proiektua baino ez zuten abiatu, eraikinetik bota baitzituzten. «Aldi hartan, gainera, dagoeneko pilatua genuen material ugari kendu ziguten».
Bi saiakerek porrot egin ostean, mantsotu egin zen mugimendua, «bi hutsarazte jasan eta lau lagun auzipetu izanak jende askoren indarra agortu zuen». Urtebete beranduago, ordea, indarrez sortu zen berriz ere asanbladak egiteko gogoa eta eraikin baten premiaren inguruko ideia, batez ere, «auzipetutako lagunen kasuak artxibatu zirelako». Horrela, asanbladak egiteari ekin zioten eta 1999ko abenduaren 23an, lehen okupazioaren omenez Bonberenea izena eman zioten eraikina hartu zuten. «Jendeak behin eta berriz esaten zigun egun gutxitako kontua izango zela, aste gutxitan hustu beharko genuela, baina asteak hilabete, eta hilabeteak urte... abenduan zortzi urte egingo ditugu hemen», azaldu du Muñoak.
Zortzi urte hauetan ez da guztia zoriona izan, gorabeherak ere ezagutu dituzte. «Pentsa, hasieran egiten genuen edozein asanbladatan 80 pertsona-edo elkartzen ginen, ilusioa eta gogoa handia baitzen. Egun, gutxiago biltzen gara eta lana jada nahiko zehaztua dagoenez, asanbladak ez ditugu horren maiz egiten».
Tolosako San Esteban auzoan kokatua dagoen eraikina hain dago itxuraldatua, atondua, okupatu zuten etxe zuri eta zahar hura gogora ekartzeak ere lanak ematen baititu. Bonbereneara bertaratu eta gisa horretako lokaletan ohikoak diren taberna eta ekitaldi aretoa ez ezik, sukaldea, jangela, logelak, bideo gela, liburutegia, tailerra... ere topa ditzakegu. Bide horretan hainbat pertsonen iniziatibak eta herritarren laguntzak ere zeresana izan du, noski. «Gu oso tentuz ibiltzen gara etxe bat bota behar dutenean edota nonbait berrikuntzak egin behar dituztenean, soberan dutena hartzeko. Gainera, jendeak ere deitu izan digu aldaketak egin behar dituelako eta zakarretara bota behar duena emateko. Adibidez, sukaldea elkarte bateko kideek eman ziguten».
Baina eraikinean ez ezik, euren eskaintzan ere aldaketa handiak izan dituzte hasiera hartatik. Egun futbol txapelketa, eskalada lehiaketa, sukaldaritza ikastaroak... eskaintza zabala da oso, baina akaso diskogintzan egindako bidea da deigarriena. «Bilduma bat osatu nahi izan genuen, baina grabazio lekuak oso garestiak ziren eta azkenean guk geurea osatzea erabaki genuen, hainbat lekutako materiala hartuz. Ordutik, geureak ez ezik, beste talde batzuen grabaketak ere egiten ditugu. Urtean gutxi gorabehera hamar bat disko grabatzen ditugu», azaldu du. Ez da baina bitxikeria bakarra, Bonbereneak bere fanfarre propioa ere bai baitu.
Aurrera begira ere, ez da nolanahikoa proiektuen zerrenda. Besteren artean, urri aldean internet bidez emitituko den irratia abian jartzeko asmoa dute eta beren historia laburbilduko duen liburu bat argitara ematekoa ere bai.
Bien bitartean lanean jarraituko dute, kontzertuak antolatzen, batez ere. Hala, heldu den larunbatean Arianna Puello kantaria arituko da Bonberenean eta hilaren 25ean berriz, Bide Ertzean eta Desordutan. Baina kontzertuez gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte hamargarren urteurrenaren aitzakiarekin: bertso saioa ostiralerako eta Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia hilaren 26an.
Abenduan hamargarren urteurrena egingo duen Bonberenea bultzatu zuen mugimenduak, ordea, gainean du berriz ere hutsaraztearen arriskua. «Auzoan 600 etxebizitza egiteko asmoa dago eta nabarmena da gure eraikina botako dutela. Guk egungoak dituen ezaugarri berak dituen bat eskatuko dugu trukean, egun egiten ditugun ekintza guztiak aurrera eramateko aukera eskaintzen duena, alegia», azaldu du.
Maider EIZMENDI