GARA > Idatzia > Kultura

Hogeita hamar gonbidatutik gora hartuko ditu Periferiak 07k

Miren Jaiok eta Oier Etxeberriak «norabide berria" emango diete Periferiak topaketei beren bosgarren ekitaldian. Edizioa izango dute ardatz eta hainbat proiektu independente bilduko dituzte. Tailerrak izango dira nagusi astelehenean abiatuko den egitarauan.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Ixiar Rozasek eta Dario Malventik egindako lanari jarraipena emango diote Miren Jaiok eta Oier Etxeberriak Periferiak 07rekin. Arte bisualen eta musikaren mundutik datoz Jaio eta Etxeberria eta, beraiekin batera, «norabide aldaketa» etorriko da <<<jardunaldi horientzako.

Antolatzaileek aurtengo egitaraua aurkeztu zuten atzo Anti liburudendan, Periferiak 07k izango duen agertokietako batean. Maiatza eta urria artean burutuko dira ekitaldiak eta edizioa izango dute gai nagusi. «Edizioa, zentzu zabalean ulertuta -nabarmendu zuten-: jakintza transmititzeko era guztiek (zatikatzeak, egokitzeak, zitak, irakurketak, plagioak...) osatzen dute edizio ekintza bat, zentzumenaren etete produktiboak diren heinean. Nozio horri ihes egingo dion fenomeno kultural bat aurkitzea zaila da, produkzio eta erreprodukzio prozesuetan bitartekotasunen katea luzea baita. Gaur egun gorputzak ere editatu egiten dira ebakuntzekin», esan zuten.

Bost modulo bereizi dituzte egitarauan. Edizio tailerra izango da lehena eta astelehenean bertan jarriko da martxan. Eztabaidarako guneak eskainiko dituzte eta kasu praktikoekin aritzeko modua izango da. Izan ere, teoriaz haratago joatea izango dute helburu une oro. Gaiak aurkezteko hitzaldi eta mahai inguru irekiak egingo dira eta, ondoren, lantegietan jardungo dira talde itxietan. Izen emateko, Donostiako Artelekuko idazkaritzara jo behar da.

Hasteko, artxiboaren mundura hurbilketa egingo dute, Pedro G. Romero artistarekin eta Artelekuko zuzendari ohi Santi Erasorekin. Sevillako Alameda auzoan egindako borrokarekin harremana duten saioak ere proposatzen ditu Periferiak 07k aste horretarako. Identitatearen gaia lantzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko IKI taldearekin partekatuko dute Andaluziako gonbidatuek hiriari buruzko solasaldia. Peio Agirre arte komisarioa eta Albert Folch diseinatzaile grafikoa ``Estiloa paper gainean. Ordena berria''z mintzatuko dira. Gainera, Vienako ``Malmoe'' aldizkariko arduradunekin eta Erreakzioa emakume taldearekin «Publikazioak eta beste erresistentzia moduak» landuko dituzte.

Gai horien eta beste batzuen inguruan sakonduko dute Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan ekainaren 21etik uztailaren 29ra, erakusketa eta guzti. Discoteca Flaming Star, Jon Mantzisidor, Karl Larsson, Frans Josef Petersson, Peter Piller eta Isidoro Valcarcel Medina egileen lanak erakutsiko dituzte bertan.

Bigarren moduluari ``Copy Your Idols! Audiolab'' izenburua eman diote. Soinu baliabide desberdinek eragiten dituzten keinu eta esanahiak berrantolatzeko orduan, eraginkorrak diren estrategiak eta tresnak aurkitzea bilatuko du. Gotzon Arrizabalaga, Vicki Bennet, Xabier Erkizia, Nate Harrison, Alex Mendizabal eta John Oswalek beren esperientziaren berri emango dute EHUko Arte eta Kultura zikloaren baitan burutuko den ikastaroan.

Bestetik, Maialen Lujanbio bertsolariak Judith Montero saxofonistarekin elkarlanean sortu ``Ornitorrinkus'' proiektu artistikoa plazaratuko dute eta ``Cucinema''rekin gastronomia, filosofia eta zinema uztartzen dituen ekitaldi ludikoan parte hartzeko modua izango da.

Zubiak eta ezustekoak

Hiriko zubietara jotzea ohitura bilakatu da Periferiak-en, arte eszenikoak kalera atereaz. Zubia kolektiboa izango da hirugarren moduluko protagonista. Egitarau ofizialetatik ihes eginaz, ezusteko espazio-denboretan gertatuko dira bere agerraldiak.

Urrirako geratuko da laugarren blokea. Kalejira baten itxura izango du eta Bilbo txokoz txoko bisitatuko dute hiria irudikatzen duten kantuen bidez. Carlos Bacigalupe kritikoa edo Iñaki Uriarte arkitektoaren parte hartzea izango du ibilaldiak.

Azkenik ``Humano caracol'' estreinatuko dute udazkenean Donostian. Periferike kolektiboak hasi berri duen dokumental serie bateko lehen partea da.

LANTEGIAK

Teoriaz haratago joatea izango dute helburu une oro. Gaiak aurkezteko hitzaldi eta mahai inguru irekiak egingo dituzte eta ondoren lantegietan jardungo dira talde itxietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo