Etxebizitza ekologikoak
Etxeari bizitasun naturala itzuli
Kalamua, gisua, lastoa, egurra edo lurra: horiek dira mende luzez etxeak eraikitzeko baliatu izan diren materialak. Zementua agertzean, gutxinaka erabilpena txikituz joan zen. Halere, ingurumena errespetatu nahian, azken urteotan material horietara itzultzeko esperientziak areagotzen ari dira.
Ainize BUTRON
XIX. mendean hasi ziren eraikuntzarako zementua bezalako materialak baliatzen etxeak egiteko. Garai horretatik aurrera eraikitako etxe gehienak material horiekin eginak izan dira. Alta, urteak aurrera joan ahala, zementuak paretei «arnasten» ez diela uzten ohartu ziren adituak. Ondorioz, etxeak material naturalekin eraikitzeko esperientziak ugaritzen ari dira. Philippe Lascarai duela bi urte hasi zen Itsasun kalamua eta gisuarekin bere etxea eraikitzen .
Etxearen egitura egurrez egin ondoren, paretetako enkofratuetan kalamu enborrekin eta gisuarekin egindako masa jarri zuen, eta etxe barneko paretetan, berriz, lurra eta gisuarekin egindako masa. Duela bi urte etxebizitza eraikitzea erabaki zuelarik, Laskaraik gauza bat argi zuen, egurrezkoa egin nahi zuela.
Hasieran gutxi zekien etxebizitza ekologikoez, baina, Argentinan egon ostean, bertan etxeak adobez egiten zituztela ikusi zuen. Hortik aurrera «literatura ekologikoa» irakurtzeari ekin zion. «Adobea nahiko interesgarria iruditzen zitzaidan, baina, leku anitz behar zen lehortzeko. Horretan hasi naiz pista berriak aztertzen», esan zuen.
Gaur egun gero eta enpresa gehiago mota horretako etxebizitzen eraikuntzan arreta jartzen ari bada ere, duela bi urte oraindik nahiko berria zen Philippen proiektua, eta, informazioa aurkitzeko ahalegin guztiak egin behar izan zituen. Informazio hori bilatzen ari zela, Euskal Herrian, zementua agertu arte, betidanik etxeak buztina, gisua eta egurrarekin egiten zirela ohartu zen. Eta garai horietan, etxeetako paretak termikoki erregulatzea lortzen zutela ere ikusi zuen. «Zementua oso praktikoa da baliatzeko orduan, eta gogorra ere bai, horregatik bere erabilpena orokortu egin da. Baina, 70eko hamarkadan etxe horiek ez zutela aski berotasunik atxikitzen ikusi zuten. Horretan, isolazio kanpainak egiten hasi ziren eta material berriak jarri zituzten etxeetan. Azkenean, 90eko urteetan sobera isolatzen zela eta etxeetan ez zela nahiko aire sartzen ikusi zuten. Horrek alergiak areagotu baizik ez ditu egin», aipatu zuen Itsasuarrak.
Material biziak
Aire zikina kanporatu eta berria sarrarazteko leihoetan zuloak egiten hasi ziren, beraz. Baina, Laskaraik, hori baino, etxeak erregulazio termikoa naturalki egin dezan ahalegindu nahi izan du. «Gisua eta lurrari esker, lehenago hori guztia naturalki egiten zen etxeetan. Zementua materia hila da, ez du deus uzten pasatzea. Gisua, lurra edo kalamua berriz, biziak dira», argitu zuen, gaia pasio bat bilakatu zela aitortuz. Etxea berriz ere biziarazi nahian, kalamua bezalako materialak aztertzen hasi zen Laskarai.
«Oso ezaugarri onak ditu. Bizitzeko erabili izan den lehen landarea da. Oso ona da isolatzeko, eta gainera, landarea hazteko ez du ongarririk behar», adierazi zuen. Gisuaren onurak aipatzerakoan, materiala «larruarekin» konparatu zuen Laskaraik: «hezetasuna ateratzen uzten du, baina, euria oztopatzen du». Etxea eraikitzeko orduan materiaren ezaugarri naturalak ezagutzea ezinbestekotzat jo zuen Itsasuarrak. Eta, hasiera batean proiektua baizik ez zen etxe hura gauzatzen abiatu zen. Horretarako, izan ere, Avignonen, Estatu frantseseko herrian, kokatua dagoen argin baten ikustera joan zen, eta bertan, material horien erabilpena ikasteko, egun bateko ikastaroa egin zuen.
Halere, oso lan luzea zela aitortu zuen. Dena eskuz egin behar dela-eta, Laskaraien proiektuan Itsasuko belaunaldi guztiek parte hartzeko aukera izan dute. «Zinez auzolana izan da. Oso giro onean egin dugu. Hamabi asteburuz herriko belaunaldi guztiak elkartu gara proiektua burutzeko. Ez balitz horrela izan, ezingo nukeen sekulan jarraitu», onartu zuen.
Betiere etxea bere kabuz «erregulatzeko» xede nagusi horrekin, Laskaraik, etxe barnea berotzeko erromatarrek erabiltzen zuten labe mota bat muntatu du. «Hogeita lau orduz berotasuna atxikitzen du labeak, eta, bertatik berotasun guztia etxean zabaltzen da. Paretak lurrezkoak dira. Material horrek sinergia handia dauka eta berotasuna luzaz atxikitzen du», argitu zuen. Udan ura berotzeko eguzki panelak jarriko ditu.
«Berezko eraikitzaileak»
Kalamua ez da etxea eraikitzeko orduan dagoen teknika bakarra. Michel Fouche Armendaritzen bizi da, eta, etxea egurrez eraikitzeko hautua egin du. Berrogei bat zentimetroko egur enbor txikiak bata bestearen ondoan finkatuak dute etxearen pareta osatzen. Elkartzeko gisu, egur eta hondarrez osaturiko masa jartzen da.
Proiektu hori gauzatzeko orduan, Michel Fouchek ere zailtasun asko izan zuen informazioa lortzeko. Eta etxea eraikitzeari ekin aurretik astebeteko «berezko eraikitzaileen» ikastaroa egin zuen Estatu frantsesean. «Teknika Kebetik dator. Berezko eraikitzaileen ikastaro horietan egurrezko edo lastozko etxeak eraikitzeko teknika erakusten dizute. Egitura egiteko gaztainondo egurra baliatzen da. Egurrak lehorra izan behar du eta tratatu gabekoa», nabarmendu zuen.
Bestalde, horrelako proiektu bat burutu ahal izateko lagun sare handia izan behar dela ere esan zuen. «Aspalditik gabiltza etxe horren proiektuarekin. Hasi genuen duela lau urte eta bukatu gabe dugu oraindik», azpimarratu zuen.
Bi proiektu horiek etxe ekologikoen sailean lehen adibideak badira ere, azken garaiotan horrelako proiektuak ugaritzen ari dira. Etxeak berritzen ari direnak, ikuspegi ekologikotik gutxieneko urratsak egiten hasten dira, eguzkitik lortzen den argindarra errekuperatuz, edo berogailua jartzeko orduan geotermia baliatuz. Philippe Laskaraik laburbildu zuen: «etxe ekologikoez interesatzen zirelarik, hori da gutxienekoa».
Garapen iraunkorra eraikuntza sailean hedatu nahian, Akitaniako Kontseiluak, NOBATEK eraikuntza iraunkorren teknologiaren ikerketa zentroak eta ADEME erakundeak errekurtso zentroa finkatzea erabaki dute. Besteak beste, Akitania eskualdean arlo horretan azken urteotan aregotu den eskaerari erantzutea da zentro berri horren xedea. Eta, horretarako, laguntza teknikoa eskaintzeaz gain, intenet gune bat zabaldu dute informazioa ahal bezain ongi helarazteko.
Proiektuaren eramaileek argitu zuten: «eraikuntzaren sektoreak argindarraren %46 xahutzen du, CO2 isurketen %17 sortzen du, uraren %16 hartzen du eta urtero 31 milioi tona hondakin eragiten ditu. Egun Europan dagoen garapen iraunkorraren aldeko apostuan eraikuntza erronka nagusi bat bezala agertzen zaigu». Ingurumenean eraikuntzek daukaten eragin hori mugatzea da, beraz, zentroaren xedea.