Julen MURGOITIO
Zeraren zerak zertu ez
Swahilizko hieroglifikoak ulerterrazagoak begitantzen zaizkit konstituzional zer horren epaiak baino. Are gehiago, etxebizitza baterako maileguaren klausuletako letra txikerra bera ere begitantzen zait ulerterrazagoa zer horren zerak baino. Are gehiago ere, eta hau bai dela akabua, nire medikuaren errezeta-letra bera da ulerterrazagoa. Zin dagit, eta oraingoan ez dut legearen aginduz egiten zin, barru-barruan sentitzen dudalako baino. Ba, bai, idazkera arraroa gero togadun horiena! Non izan dira horiek eskolatuak, inoiz eskolatuak izan badira behinik behin? Ganorazkoaren eskola publikoan ez, sikiera! A ereduan seguru, ordea. Toga-borroka. Ez nau harritzen gaztelera bera ere lotsatuta egotea, berari jarritako hiztegiaren orrietatik ihes egiteko irrika bizian. Gizajoa! Hizkuntza izatetik kontrahizkuntza izatera pasarazi dute. Kutsatu egin dute gaztelera. Bat gehiago kutsatuen eremu goxoan! Tira, gaur-gaurkoz karpapeko zirkuak utzia dio munduko ikuskizunik handiena izateari, legepeko zirkuak lekua kenduta. Kolorea eta barrea galdu ditu zirku jatorrak. Oraingoan dena da tristeagoa, gorrigualdagoa, aspergarriagoa; animaliek berek ere ez dute lehengo xarma, mantsotu egin dira. Aldatu ez dena kaiola da; kaiola iraunkorra, esango luke batek baino gehiagok. Ama, ama, zer polita zen karpapeko hura, plazaz plaza mugitzen zena, hezitzaileak eta piztiek elkarrenganako errespetua zioteneko hura, kaiola bera partekatzen zutenekoa. Bueltatuko den itxaropena landu beharko da. Hala bada hala biz, eta hala ez bada ora pro nobis.
Ipar Irlandatik lehengoan heldu zitzaigun argazkiak oso harrera ona izan du, gurean ere, bideak luze eta zailak izan arren, ibili nahiaren nahiaz ibili daitezkeen seinale. Beharbada, han konstituzionala ez izanak asko lagundu du ganora bideratzen. Baina Ipar Irlandan ibilterraza dena Hego Euskal Herrian ibiltezina da. Han iparrorratza izan zuten, hemen ez dugu momentuz hegorratzik; hegoa baino ez dugu, orratzaren falta dugu. Eta orratz hori gauzatze bidean baiezkoaren blokea gizendu behar da boto-ontzi madarikatuan. Paper erreziklatua sartuko dugu ontzi erreziklaezinean. Ganorazko akuiluen bidez orratzari forma ematen, Hegoa seinalatu dezan. Zeraren zerak ez gaitu zertu. Haren epaiak ez gaitu bidetik aterako.