LE JOURNAL Koldo Amestoy 2007/5/9. Euskal Herria.
Sei jauzi atzera eta pausu bat aitzina...
«Zango-makil baten» hatza gibelaldera saltoka, eta abere oinatz batek urrats bat aitzina egiten... «Urrats bat eta zazpi nahi» lemak azpimarratzen duelarik... Zer da ixtorio hau ?
Ikur honek eite du «bi urrats aurrera eta bat atzera» ezagutzen dugun ibilerarekin. Gibelka joateko itxura emanez, aitzinatzeko modu bat baita, alegia deusez. Aldi berean, gibelera itzultzeko eta eskapatzeko parada ematen digularik.
Beraz, euskara bultzatu nahi duen Herri Urrats pestak bere aurtengo ikurrarekin, «sei urrats atzera eta bat aurrera» egiteko gomendatzen digu. Ibilera hori gureganatu behar bagenu bezala! Aitortu dezagun, egun horretan, zango baten gainean denek dantzan arizan behar bagenu, ez genukeela arazo izpirik. Pestaren giroak horrelako erokerietan sartzeko laguntzen baitgaitu.
Baina, kezkaturik nago. Ez ote dugunez, Senpereko aintziraren inguruan dantzan arizanik, Herri Urratsen biharamunean eta ondoko egunetan berdin, «sei urrats atzera eta bat aurrera» eginen, gure eguneroko bizian euskaraz aritzeko, eta honen gaia aipatzeko ere!
Batzuek erranen didate, irudi xinple bat dela. Ez duela honek gure herria itzulipurdikatuko. Ez dela gainera, ibilkari maingu eta bakarti baten arrastoa, eta abere soil baten hatza baizik. Besterik ez...!
Bai, baina denek badakigu gure herri honetan jende bakarlariak ez zaizkigula gustatzen. Eta beraz baztertzen ditugula edo... multzo batez inguratzen, eta goazen aitzina!
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu!