GARA > Idatzia > Hemeroteka

EL MUNDO Hasier Etxeberria 2007/5/12. Euskal Herria.

Imaz Jenerala

Azterketa sinple bat gaur. Xabier Arzallusek jubilatu behar zuen garaietan, kezka handia zegoen Euskal Alderdi Jeltzalearen lerroetan: nork gidatuko gaitu aurrerantzean? Nork beteko du Arzallusen hutsunea? Zein da horrelako lan bat hausturarik gabe egiteko gai den gizonezkoa? Eta jakina denez, bitan banatu zen bidea. Alde batera imaztarrak, bestera egibartarrak. Edo nahiago bada, eta sinplifikazioari segika, pragmatiko-maniobreroak alde batera eta politikoak bestera.

Alabaina, nago bide bikotz horren aukera beste gertaera aurretikoago batek egin zuela posible. Hain zuzen ere, Arzallus bezalako gidari bat bazterrean uzteak ematen zuen bertigo jasanezina sendatuta zegoen, nolabait Imaz-Egibar talka gertatu baino lehenagotik. Ibarretxe oinordeko politiko bikaina zen Arzallusentzat. Jeltzaleak lasai ziren gidari berri bat aurkituta. Ibarretxek bermatzen zuen bidea.

(...) EAk-k bere istorioan egin duen ibilbidea ez da makala. Hor zehar esaten da -eta halaxe ikusten dut nik ere-, EAJ beti izango dela herri honen zatirik handiena bere baitan hartuko duena. Horrexetan dela abila alderdi hau: beti irabazten. Printzipio irmoak baino, gehiago duela zernahitara egokitzeko gaitasuna. (...) Guardasolaren antzera, beti gainean egongo den plastilinazko paramezio bat izango da EAJ: eguzkia nora, zazpiak hara. (...)

(...) Horregatik ikusi dugu EAJ edonorekin eskontzen. Bera da horrelako gauza bat egin dezakeen bakarra: HBrekin Lizarrakoa, PSOErekin presoen urrunketa, PPrekin Aznarren inbestidura... balio egin behar da horretarako.

(...) Eta gaur inoiz baino gehiago. Imaz gidari dutenetik, ez Ibarretxe eta ez Egibar dira beharrezkoak. Imazek ez duela soslai politikorik esaten da, baina gezurra da. Sekulakoa da bere ahalmen politikoa, balorea behar baita une honetan PP etorkizuneko kide izatetik ez baztertzeko (...)

Alderdian hezi eta hazitakoa, EAJk ez dauka hoberik alderdia beti goian edukitzeko. Sakonekoa arazo politikoak ez ditu konponduko, hori bistakoa da. Aberria ez du berak salbatuko, edo, behintzat, gainerakoon Aberria ez, behintzat. Berea bai, hori salbatuko du: Aberria ala Alderdia gauza bera baitira berarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo