GARA > Idatzia > Euskal Herria

Torturapeko adierazpenetan oinarrituta hiru gazte epaituko dituzte

2005 urtean Polizia espainolak egindako operazioan Nafarroako lau gazte atxilotu zituen. Inkomunikaturik pasa ziren Auzitegi Nazionaletik eta autoinkulpazioak torturapean egin zituztela erran zioten epaileari. Baina kartzelaratuak izan ziren eta orain epaitu eginen dituzte.

Jasone MITXELTORENA |

Atzo Askatasunak Iruñean egindako agerraldian Nafarroako hiru gazteren kontra hilaren 24an Auzitegi Nazionalean izanen den epaiketaren berri eman zuten. 2005eko martxoan izandako polizia operazioan atxilotu zituzten Eder Ariz, Gorka Diez, Zaine Rekondo eta Mikel Ziaurriz. Bost egunez inkomunikaturik egon ostean epailearen aurretik pasatu ziren. Laurak kartzelaratu egin zituzten. Uztailean prozesatu zituzten eta Mikel Ziaurriz absolbitu egin zuten. Gorka Diezentzat 12 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak eta Eder Ariz eta Zaine Rekondorentzat 10 urtekoa.

Atzo Zaine Rekondok kontatu zuenez, inkomunikaturik pasa zituen bost egunetan tortura psikologikoak eta fisikoak jasan behar izan zituen. Auzitegiko medikuarekin egon zenean bere egoeraren berri eman zion, baina «ez zituen nik errandakoak jaso eta ez zuen egoera hori aldatzeko inolako neurririk hartu». Epailearen aintzinera inkomunikatuta eraman zuten, eta deklarazioa torturapean egin zuela jakinaraziz, esandakoa ezeztatu egin zuen. Hala ere, kartzelara bidali zuten.

Urte bereko abenduan baldintzapeko askatasunean libre utzi zuten, hamabostean behin sinatzera joateko betebeharrarekin. Gainerakoek ere tratu bera jaso zuten. Laurek salatu zituzten tratu txarrak. Diez eta Ziaurrizen kasuan, salaketa bigarren aldiz artxibatua izatekotan dago. Rekondo eta Arizenak ere bi aldiz artxibatu dute.

Askatasunak horrelako epaiketei buruzko balorazioa egin zuen Iruñean: «2006tik 19 gazte nafar epaitu dituzte Auzitegi Nazionalean». Epaiketa horiek politikoak direla eta «independentzia eta sozialismoarekin» konprometitutako jendearekin amaitzeko helburua dutela salatu zuen. Horien oinarria torturapeko adierazpenak izanik eta eskubide urraketak direla eta, demokraziarik ez dagoela ohartarazi zuten. Hori dela eta, hurrengo asteetan mobilizazioak eta ekitaldiak antolatu dituzte auzipetuen herrietan: 18an Zizurren eta 20an Antsoainen eta Lesakan.

Gorka Angulo, aske

Bertzalde, atzo aske gelditu zen Gorka Angulo irundarra. Monterroxoko espetxetik atera zen, senideak eta lagunak zain zituelarik, bost urtetako kartzela zigorra bete ondoren. Aurretik Alcala Mecon eta Martutenen egon da Angulo. 1998. urtean atxilotu zuen Ertzaintzak.

kolaborazioa

Mikel Ziaurriz libre utzi zutenean Poliziak harremanetan jarriko zirela erran zion. Handik bi hilabetera hurbildu zitzaizkion kolaboratzeko eskatuz. Gertaeraren salaketa abiatu omen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo