Herri Urrats Torneoa
Ibarrolaren boteek erabaki dute Senpereko finala
Txapeldunek abantaila handia izan zuten, baina Sorhuetek eta Goñi II.ak bikain erreakzionatu eta ia-ia partida irauli egin zuten
IBARROLA-BERASATEGI
Jon LEUNDA | SENPERE
Bigarrengoan ez zen ezusterik izan eta Ibarrolak eta Berasategik lortu zuten Senperen jokatu den Herri Urrats Torneoko txapela. Hala ere, partida oso berezia izan zen, markagailuak aldaketa handiak izan baitzituen.
Sorhuetek eta Goñik bikain ekin zikoten finalari, eta 1-7 aitzineratu ziren. Une horretan, Pausuako aurrelaria ongi aritu zen aurrean, eta Oronozkoa, berriz, atzean ongi moldatu zen, pilota ongi zuzenduz. Ibarrolak eta Berasategik bigarren kintzea lortu zutenean, ordea, finalak erabateko aldaketa izan zuen.
Ibarrolaren botea oso zitala izaten da, eta asmatzen baldin badu, triskantza handia egin dezake. Sakearekin asmatzeko eguna zuen herenegun gauean, eta kintzeak bata bestearen atzetik lortzen hasi ziren. Mikel Goñik ez zuen asmatzen errestoan eta, 7-7 adostu ostean, amaieran txapela jantziko zuen bikoak aldea egiteari ekin zion; 37-10eko partzial bat lortu zuten, markagailuan 38-17koa jarriz.
Tarte horretan, Ibarrolaren sakeak sekulako mina egin zuen. 17 kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta lehen jokaldian tantoa egiten ez bazuen, bigarrengoan egiten zuen.
38-17koarekin finala erabakita zegoela zirudien, eta irabazleek egin behar zituzten beste bi tantoak noiz egingo zain egotea besterik ez zen geratzen, ia ezinezkoa baitzirudien Sorhuetek eta Goñik zerbait egitea.
Aldaketa
Ustekabean, ordea, finalak berriro ere norabide aldaketa izan zuen, eta ia-ia finala irauli egin zuten. Ikusirik Ibarrolak botearekin sekulako mina egiten zuela eta Mikel Goñik ezin zuela errestoan, Sebastien Sorhuet pasa zen atzera aurkarien sakeei erantzuteko, eta jokaldia primeran atera zitzaien.
Pausuako aurrelariak atzean ere lan egiten badakiela erakutsi zuen, eta errestoan bikain aritu zen. Horrek bizia eman zien. Gibelean ongi, eta kintzea finitutakoan botearekin ere bai. Sorhuet eta Goñi tantoak pilatzen hasi ziren, eta ustekabean aurkariengana gerturatzen. Ordurako ia inork ez zuen dirurik jokatzen, baina berriro ere jendea mugitzen hasi zen.
Pausuakoa bikain ari zen bai atzean eta baita aurrean ere, eta horrek lasaitasuna eman zion Goñiri. Bien artean 16-0ko partziala lortu zuten, eta markagailuan bost kintzetara jartzea lortu (38-33).
Zailena egina zegoen, eta garbi zegoen oraindik partida bazegoela. Orduan, ordea, Ibarrolak eta Berasategik beren bolada txarrari amaiera eman zioten, eta 39-33 aitzineratu ziren. Kintze bakarra falta zitzaien, baina partida amaitzen ez zuten asmatu, eta aurkariak lau tantotara gerturatu zitzaizkien (39-35).
Ibarrolak eta Berasategik ez zioten txapela lortzeko aukerari ihes egiten utzi nahi, eta falta zitzaien kintzea burutu zuten, garaipena eskuratu ahal izateko. Finala berezia izan zen, baina zaleek ongi pasatu zuten, bi sakalari handi ikusi baitzitzuten, eta emozio handiko partida ere bai. Txalo artean agurtu zituzten pilotariak.
Datorren asteazkenean abiatuko da Angeluko Torneoa, eta bertan egungo pilotaririk onenak izango dira. Berrikuntza, Loquillo izango da. Mexikarra EPB enpresarekin arituko da hemendik aitzinera, eta Angelun Waltari izango du lagun.