GARA > Idatzia > Kultura

Antzerkiaren Maiatza aniztasunaren argipean heldu da Hendaiara

Hendaiako karrikak antzerkiaren alaitasunarekin betetzen dituen Antzerkiaren Maiatza jaialdiak bere 23. aldia izango du hilaren 24a eta 27a artean. Kaneta portua eta Varietes aretoa agertoki nagusiak izanen badira ere, hiriko auzo guztietan izanen dira ikusgarriak.

Idoia ERASO | HENDAIA

Zirkoa, txotxongiloak, dantza, kantua, mimoak, pailazoak eta, nola ez, antzerkia izanen dira aurtengo Hendaiako Antzerkiaren Maiatzeko aniztasunaren erakusle. Ikuskizun gehienak familia guztiarentzat aproposak dira eta lau egunetan zehar izanen diren 31 antzezlanetatik soilik hiru izango dira ordaindu beharrekoak. Antzezlan askok irudia eta ikusgarritasuna oinarri izango dutela ere jakinarazi zuten jaialdiko antolatzaileek, hizkuntzaren mugarik ez dela zertan izan behar adieraziz.

Hendaiako Herriko Etxeko Zerbitzu Kulturalak eta Hendaiako Kultur Elkarteak antolatu jaialdiak urtero legez bi karpa ezarriko ditu Kaneta portuan. Bertan antzerkiak ikusteaz gain, zer jan eta zer edan ere izanen da.

Burrunka talde euskaldunak emango dio hasiera musikatua jaialdiari, herriko etxearen aitzinean maiatzaren 24an. Momentu horretatik aurrera antzerkia egiteko hainbat moduk hartuko dituzte Hendaiako kaleak. Grand Manipule taldeak txotxongiloekin egindako bost fantasia antzeztuko ditu era trufagarrian maiatzaren 25ean eta 26an hiriko toki ezberdinetan. Bestalde, «La Chose» ikusgarriak minbiziaren gaineko gogoeta proposatuko du hilaren 25ean mediatekan. Jaialdi guztian zehar auzoz auzo ibiliko da Barolo Soloren «Le Chariot», gurdia, ikuskizun txiki baina entretenigarriarekin.

Chimeres antzerki taldea

Biarritzeko Chimeres taldeak jaialdiaren antolakuntzan hartzen du parte eta konpainiak tximinoari buruz egiten duen gogoetaren bigarren partea eskainiko du. Gizakiaren eta tximinoaren arteko antzekotasunak aztertuko ditu merkatuan maiatzaren 24an eta 26an antzeztuko den «Singes II» lanak.

Kaneta portuan, larunbat eta igande arratsaldean, orduro, Tof Theatre taldearen «Bistouri» antzezlana ikusteko parada eskainiko zaio ikusleari. Publiko guztientzat aproposa den lan horretan, txotxongiloen eta aktoreen bitartez, pertsonaia beldurgarrien inguruan gogoeta dibertigarria proposatzen dute.

Borroka arteekiko hurbiltze berezia eta dantza eta borroka orientalak elkartzea dira Tango Sumo konpainiak eskainiko dituen bi lanetan jorratuko dutena. «Moyen Plume» eta «Deuxieme Round» lanek ikusgarri berezi eta deigarria emanen dute maiatzaren 26ean eta 27an hiriko toki ezberdinetan.

Fantasia, poesia eta umorearekin begiratuko diote emakumearen paperari Les Souricieuses-eko hiru neska gazteek. Kaneta portuan larunbat arratsaldean «Au pays des rondeurs»ek sedukzioaren beste ikuspegi bat emango dio ikusleari. Jackie Star clownak eleganzia eta edertasunari buruzko hitzaldi bat eskainiko du era dibertigarrian larunbatean.

Erbestea izanen da gai nagusia aurten, bi antzezlan eta erakusketa baten bitartez

Erbestearen gaia bi ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dute Dos a deux eta Petite Ame konpainiek. Lehenak, «Terres d'eau» antzezlanarekin, ikuspegi poetikoa ematen du erbesteari buruz. Mimoaren bitartez ikusizkoak garrantzi handia hartuko du. Bizirauteko bere etxea uzten duen familia baten istorioa kontatzen du.

Petite Ame-en «La Trilogie de Belgrade» antzezlanak gizateriaren ikuspegi politikoagoa aurkezten du. Erbestea tragikoki erakutsia da biolentziaren salaketaren bitartez.

Hendaiako Mediatekak erakusketa bat eskainiko du Angela Mejiasen argazkiekin, erbestea gai duela. I. E.

DENETARIK

Grand Manipule taldeak txotxongiloekin egindako bost fantasia era trufagarrian antzeztuko ditu eta «La Chose» ikusgarriak minbiziaren gaineko gogoeta proposatuko dio ikusleari.

BORROKA ARTEAK

Borroka arteekiko hurbiltze berezia eta dantza eta borroka orientalak elkartzea dira Tango Sumo konpainiak eskainiko dituen «Moyen Plume» eta «Deuxième Round» lanetan ikusiko diren koreografiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo