Elecciones en Euskal Herria
Imazen ustez, parasitoak dira ilegalizazioa salatzen dutenak
Prozesu eta hauteskunde demokratikoen aldeko protestek ez dute etenik eta atzo jeltzaleen ekitaldiak izan zituzten agertoki nagusi. Goizean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aurrean izan ziren aldarrikapenak, arratsaldean aldiz, Josu Jon Imazek jasan behar izan zituen. Alderdi jeltzaleko buruak «parasitotzat" jo zituen ilegalizazioen aurka agertzen direnak.
GARA | GASTEIZ
EAJk atzo Gasteizen egin zuen hauteskunde ekitaldian Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hitza hartua zuela profitatuta, dozena bat gazte «PSE-PNV: prozesua lurperatzen ari zarete» zioten kartelak eskuetan zituztela ekitaldia eteten saiatu ziren. Arratsaldean halaber, Getxon egin zuen ekitaldia EAJk eta bertan ere, hauteskunde demokratikoen aldeko oihuekin topo egin behar izan zuten bertaratu ziren jeltzaleek.
EBBko buru Josu Jon Imazek «parasitotzat» jo zituen EAJren ekitaldietara joaten diren «erradikalak» eta «bakarrik bizi ezin duten eta besteetan eskegi behar duten akainak» direla esan zuen.
Imazen aburuz, pertsona horiek egun ausartak diruditen arren, orain lau hilabete «ETAk Barajasen jarritako bonbarekin bi pertsona hil eta prozesua hautsi zuenean» non ote zeuden itaundu zuen, eta garai horietan ikustea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Getxon egindakoa agerraldian.
`UKberri.net' Uribe Kostako hedabide digitalak, EAJk Getxon antolatua zuen ekitaldiaren berri ematera zihoala, bertan zeuden ertzainek komunikabide hori zentsuratu eta sarrera galarazi ziotela salatu zuen.
Goizean, Gasteizko General Loma plazan burutzen ari ziren ekitaldian, Ibarretxek gogor gaitzetsi zuen gazteek egindako protesta ekintza. Era berean, «ETA gure bizitzetatik betirako alden dadin eskatzeko beharrezkoa den adorea ez duten bitartean», ezker abertzalearen eta Batasunaren «ikasgai politikoak» EAJrentzat «baliogabeak» direla azpimarratu zuen.
PPk edota PSEk eskaini nahi dituzten ikasgai politikoei dagokienez halaber, EAJk lezio horiei jaramon egiteko «euskal eta arabar gizarteak beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea publikoki onartzea» ezinbesteko jo zuen Juan Jose Ibarretxek.
Ezker abertzaleak, EAJ «espainol eta traidoretzat» duen artean, PPk eta PSEk «sezesionista» gisa definitzen dutela deritzo EAEko lehendakariak. Era berean, bi alderdi espainolek EAJri «gizartea zatikatzea» leporatu izan diotela salatu zuen Ibarretxek.
Josu Jon Imaz buru duen alderdiak, ez du batzuek zein besteek diotena onartzen, eta horren guztiaren aurrean beren burua «demokratatzat» dutela behin eta berriz goraipatu zuten Arabako hiriburuan egindako ekitaldi politikoan; «demokrata gisa, euskal gizarteak eta arabarrak erabakiko dutena onartzeko prestutasuna dutela» ere esan zuen.
Protestak nonahi
Prozesu eta hauteskunde demokratikoen aldeko protestek ez dute etenik eta alderdiek burutzen dituzten hauteskunde ekitaldiak dira protesten agertoki nagusiak. Alonsotegin adibidez, EBBko bozeramaile Iñigo Urkulluk EAJko ekitaldian hitza hartu behar zuenean, hogei lagun inguru ekitaldira bertaratu eta hauteskunde demokratikoen aldeko mezuak helarazi zituzten ostiralean.
Iruñeko Errotxapea auzoan, kanpainaren hasieran gertatu bezala, ostiral gauean ere istiluak izan ziren ezker abertzaleko kideen eta poliziaren artean. Gauerdian, EAE-ANVko kartelak jartzen ari zirela, udaltzainak bertaratu eta pertsona horiek identifikatzeari ekin zioten; GARAri esandakoaren arabera, pertsona batek udaltzain bati euskaraz aritzeko eskatu ostean, atxilotuta eraman zuten.
EAJren batzokiak ere, protesten jomuga bilakatu dira azken egunetan. Atzo arratsaldean, adibidez, Zamudiokoari, Bilbokoari eta Lekeitiokoari eraso zieten. Lekeition 30 lagun inguruk, batzokiko ateak kateatu eta pintura gorri eta horia bota zioten.
Bizkaiko hiriburuan aldiz, arratsaldeko 20.15 aldera, hainbat pertsonek edukiontziak gurutzatu eta sua emanaz bidea moztu zuten Alde Zaharreko Erribera aldean.
Ezker abertzalearen hauteskunde programa «EAJz gaizki esaka aritzean eta alderdi horrekin argazkiak ateratzean datzala» salatu zuen Ibarretxek. Era berean, ezker abertzalea «une oro EAJ bilatzen ari dela» dio.