Kosovo, handikien hipokrisia agerian utzi duen puzzlearen zati
Eeuropako hainbat herrialdek eta AEBek NBEko Segurtasun Batzordean aurkeztutako ebazpen proiektuak bide ematen dio Kosovoren independentziari. Irudi lezake herri horri sostengu horrek ematen diola independentzia eskubidea, baina argi eta garbi esan beharra dago Kosovok independentzia eskubidea duela sustengu horrekin eta hori gabe, eskubide horren muga bakarra lurralde hartako herritarren hitza izanik.
Argudio juridikoak aintzat hartuta, aldekoak baino kontrako faktoreak topatuko lituzke Kosovok independentziaren bidean, baina marko juridikoek ezin dute ordezkatu herritarren nahia, askotan hartarako erabiltzen badira ere. Nolanahi ere, Balkanetako puzzle konplexu horren zati izatea faktore erabakigarria gertatu zaio. Serbiaren jarrera, jakina, herri horren independentziaren guztiz aurkakoa da, eta aldeko du Errusia. Azken hori tradizioz Serbiaren alde agertzen da, baina Europar Batasuneko hainbat herrialderen eta AEBen sostengua inguru hartan sustatzen ari diren «ordena berriaren», Serbia ahalik ahulen egoteko nahiaren testuinguruan ulertu behar da. Beraz, sostengu interesduna da, zalantzarik gabe. Bestela, ez da erraz ulertzen zergatik Saharak, esate baterako, ez duen halako «mesederik» jasotzen, zergatik Europak eta AEBek ez duten herri guztien autodeterminazio eskubidea adarrikatzen. Izan ere, kasu horretan berri ona izango litzateke herenegun gauean aurkeztutako proiektuari emandako sostengua, interes geopolitikoen mendeko jokabidea izan gabe. Baina gatazka bat modurik arrazionalenean konpontzeko ahalegin gisa aurkeztu duten horrek, bide batez, bere protagonisten hipokrisia ikaragarria utzi du agerian.
Europar Batasunak, merkatu bat baino gehiago izan nahi badu, herrien benetako batasuna izan nahi badu, batzuetan bere mugetatik kanpoko herriekin erakusten duen ausardia bera erakutsi beharko du bere baitako herriekin. Azken aldion Europar Batasuneko Konstituzioa abian jartzeko ahalegina hizpide da berriro ere. Jaiotzera ere iritsi ez zen Konstituzio hark sezesio eskubidea aitortzen zuen, baina haren subjektuak estatuak baino ez zirela. Aukera ona dute orain arte erakutsitako hainbat gabezia estaltzeko, esate baterako, autodeterminazio eskubideari dagokionez, konpromiso sendoak hartuz.