Altsasun egindako foruzainen kontrako ekitaldian izandako jazarpena salatu dute
GARA |
Altsasun egiteko asmoa duten foruzainen komisaldegiari gaitzespena adierazteko, ostiral arratsaldean kontzentrazioa burutu zuten herrian. Suhiltzaileen parkearen aurrean biltzeko asmoa bazuten ere, Foru Poliziak lekuz aldarazi zituen.
«UPNren polizia kanpora!» eta «Kontrol soziala eta errepresiboa gelditu!» lelopean ia ehun lagun bildu ziren. Pankartak zabaldu orduko, ordea, polizia jendea identifikatzen hasi zen, eta salatu zutenez, «jarrera bortitzean». 15 bat lagunen datuak hartu zituztela adierazi zuten bildutakoek, eta Foru Poliziaren presentzia handia izan zela jakinarazi zuten: lau furgoneta eta bi kotxerekin erabat inguratu zituzten elkarretaratuak.
Horrez gainera, argazkiak egin zizkieten eta jarrera «probokatzailea» izan zuten. Bertaratutako kazetari bati kamara kendu eta argazkiak begiratu ere egin zituztela salatu zuten. Ekitaldiaren amaieran, gazte bat jendartetik atera, identifikatu eta diligentziak irekiko zizkiotela jakinarazi zioten.
Foruzainen komisaldegia Altsasun jartzeko egitasmoak herrian «kezka eta ardura sortu» duela adierazi zuen Sakanako Ezker Abertzaleak.
Bailaran poliziaren jazarpena aspalditik pairatzen ari direla salatu zuten. Duela gutxi, herriko preso bati ongi etorria egin ziotenean, «dozenaka zauritu» izan zirela adibidetzat jarri zuten. «Horregatik ez dugu begi onez ikusten beste indar errepresibo baten inposaketa, are gehiago Foruzaingoak azken urteetan erakutsi duen izaera politiko-errepresiboa ezaguna dugunean», azaldu zuten. Aurre egiteko asmoa adierazi zuten ezker abertzalekoek.