GARA > Idatzia > Ekonomia

Hezkuntza Sailak ez du greba sahiesteko urratsik eman sindikatuen ustez

Irakaskuntzako mahaiak bilera hitzarmenik gabe bukatu zuen ostegunean. STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuen ustez, Hezkuntzak irtenbide bat negoziatu baino, nahiago du datorren asteko greba kudeatu.

GARA |

Joan den ostegunean hamahiru ordu iraun zuen irakaskuntzako mahai sektorialeko negoziazioak ez zuen greba deialdia bertan behera geratzea lortu. STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGTren arabera, Lakuako Hezkuntza Sailarekin izan zuten bileran ez zen aurrerapenik izan. LABeko ordezkariek adierazi zutenez, Hezkuntzak nahiago izan du datorren astean greba izatea konponbide bat bilatzeko negoziatzea baino.

Greba asteartean izango da Gipuzkoan, asteazkenean Araban, ostegunean Bizkaian eta 24an hiru lurraldeetan. Joan den osteguneko bileraren bukaeran sindikatuek testu bat adostea proposatu zuten izandako aurrerapenak jasotzeko. Baina Hezkuntzak ez zuen ikusi testu bat egiteko baldintzarik. Hala ere, bihar mahai sektorialeko bilera jarraitzeko proposatu zien.

Sindikatuek jarrera horretan ez dute ikusten greba sahiesteko borondaterik. LABeko ordezkariek esan zutenez, bilera astelehenerako deitu izanak oso zaila egin du egoera desblokeatzea. «Hezkuntzak greba egongo dela onartu du eta nahiago izan du greba kudeatu negoziatzea baino», berretsi zuten.

Sindikatuek bihar emango dute ezagutzera beren jarrera. CCOO sindikatuak, bere aldetik, atzoko mahai sektorialean «erabateko aldaketa» ikusi zuen eta biharko bileran hitzarmen bat lortzea espero du. CCOOk ere mahai sektorialeko negoziazioan hitzarmenik lortzen ez badu, greba bat deitu du datorren maiatzaren 24rako.

CCOOk adierazi zuenez, Lakuako Hezkuntza Sailak Enplegua Finkatzeko Plana aurkeztu zuen bileran. Plan horren arabera, 2007 eta 2011 urteen artean hainbat Lan Eskaintza Publiko egiteko prest dago saila. LPE horiek urtero aterako lirateke eta, guztira 3.000 lanpostu betetzeko aukera emango lukete. Gainera, plan horrekin batera bitarteko langileen lanpostuak finkatzeko sistema berri bat egin daiteke. Horren bidez, irakasle horiek plaza hutsak bete ditzakete ikasturte bat baino gehiagoz. CCOOren ustez, horrek egonkartasun handiagoa emango lieke irakasleen klaustroei.

Aipatutako aurrerapenekin CCOO hitzarmena sinatzeko prest joango da biharko bilerara, baina hitzarmenik ez badago, «negoziazioa apurtutzat joko dugu eta estrategia osoa berriz planteatuko dugu», adierazi zuten.

Bitarteko langileak

Gaur egun, irakaskuntza publikoko langileen %32 bitartekoa da. Horrek zentro bakoitzeko barne antolaketari kalte handia egiten dio, bitartekoek ez dakitelako hurrengo urteetan plaza bera betetzen jarraituko ote duten. Sindikatuek arazo horri berehalako konponbidea emateko eskatzen dute.

Bestalde, irakasle ez diren Hezkuntza Saileko langileek ere datorren ostiralean greba egingo dute. Guztira 1.200 langile dira, sukaldariak, garbitzaileak, autobuseko zaintzaileak, heziketa bereziko hezitzaileak, fisioterapeutak eta lan terapeutak, besteak beste. Talde horiek ere lan baldintza eta soldata duinak eskatzen dituzte. Joan den ostiralean Bilboko Hekzuntza Saileko egoitzaren aurrean elkarretaratzen baten bidez negoziatzea eskatu zuten.

Astelehenean

Hezkuntza Sailak bihar mahai sektorialeko beste bilera bat egiteko deitu zituen sindikatuak, baina horiek zail ikusten dute negoziazioa garaiz desblokeatzea, asteartea lehenengo greba eguna izango da eta.

hitzarmena

STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek ez dute aurrerapen handirik ikusi. CCOOk, ordea, bihar hitzarmena sinatzeko borondatea erakutsi du, Hezkuntza Sailak osteguneko bileran proposatukoa betetzen badu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo