GARA > Idatzia > Errugbia

Jean Dauguer

Avironek mailari eusteko urrats handia eman du

Zuri-urdinak gehiago izan ziren eta merezita irabazi zuten

AVIRON 18  -  BOURGOIN 11

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek Top 14an jarraitzeko urrats garrantzitsua eman zuen eta, matematikoki lortu ez badu ere, azkeneko jardunaldian kasualitate asko gertatu beharko lirateke baionarrek orain dauden lekuan ez jarraitzeko.

Atzo irabaztea ezinbestekoa zen euskaldunentzat, bestela gauzak asko okertuko baitziren. Zuri-urdinek ez zuten hutsik egin eta 15.000 lagunen babespean garaipen ederra lortu zuten. Atzo bertan ere matematikoki mailari eusteko aukera bazuten, baina garaipenaz gain, puntu gehigarria ere lortu behar zuten. Hori lortu ez zutenez, azkeneko jardunaldira arte itxaron beharko dute, baina ezusteko handiren bat gertatu ezean, baionarrak datorren urtean ere Topa 14an izango dira. Irabazi beharreko neurketa zen atzokoa, baina aldi berean kontuz ibili behar zuten. Aurrean presioa egin behar zen eta atzean zuloak itxi. Horixe egin zuten jokalari zuri-urdinek. Hala ere, kanpotarrak aitzineratu egin ziren zigor-kolpe bat gauzatu ostean, baina bi minutu geroago Richard Dourthek partida berdindu egin zuen beste zigor bati esker. Hortik hasi eta lehen zatia amaitu arte, euskaldunak nagusi izan ziren.

Etxeko taldeak partidaren jabetza hartu zuen, eta joko horri esker Thierryk euskaldunen lehen entsegua lortu eta Dourthek transformatu egin zuen. Atsedenera joan aurretik, lapurtarren jaurtitzaileak beste zigor-kolpe bat gauzatu zuen eta 13-3 aitzinetik zirela joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian ere lapurtarrak nagusi izan ziren, nahiz eta 13-11ra hurbildu zitzaizkien kanpotarrak. Etxekoek partida erabaki nahi zuten eta Coetzeek, partida amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean, bigarren entsegua egin zuen. Horrela neurketa erabaki zuen, eta amaieran poza handia izan zen.

 

 

Hasiera txarraren ondorioa da hau

Badirudi amaiera zoriontsua izango duela aurtengo denboraldiak, baina Ligaren lehen laurdenean ia dena galduta zegoela zirudien. Jardunaldi asko pasa zituzten partida bat bera ere irabazi gabe eta sailkapenean oso atzean geratu ziren. Ia dena galduta zegoela zirudienean, lapurtarrak esnatu egin ziren, eta orain Top 14ari eusteko zorian daude.

Atzo Jean Dauguer zelaian batu ziren zaleek garbi zuten azkenaldiko estuasun hauek liga hasiera txarraren ondorio direla. Hala ere, denbora agortu baino lehen aldatu ziren gauzak, eta orain amaiera ona izango duela dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo