GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Arria V.ak finalerdietako atarikoa jokatuko du

Errezildarrak hiru minutuko aldea kendu zion Rekondori, eta orain Anjel Arrospide eta Juanjo Lopez menderatu beharko ditu finalerdietan izateko

Jon LEUNDA | BAIONA

Xabier Orbegoz0 Arria V.ak Urrezko Aizkorako finalerdietako atarikoa jokatu ahal izango du, atzo Leitzan Jon Rekondo mendean hartu ostean. Final-laurdenetako ligaxkan hiru multzo izan dira, eta bakoitzeko lehenengoak finalerdietarako sailkapen zuzena lortzen zuen. Bigarren geratzen diren hiruren artean kanporaketa jokatu beharko dute, eta hori etzi izango da Karrantzan.

Aizkolariak, lanean hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra neurtu behar zuten. Hirugarren lanean, tamaina bereko enborra izan zuten, baina oraingoan zutik jarrita. Laugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu behar zuten. Bosgarrengoan, oin bateko bat zutik eta bestea etzanda zituzten, eta azkenik, bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten.

Leitzarrak bere herrian zuen saioa, eta zaleen aurrean itxura ona eman nahi zuen, baina erlojuz kontrakoan bakarrik irabazi ahal izan zuen. Kolpekakoan, Arriak, 33tan erdibitu zuen enborra, eta leitzarrak bi gehiago behar izan zituen. Erlojuz kontrakoan, ordea, Rekondo nagusitu zen. 44 segundotan bota zuen enborra, eta lau segundo gehiago behar izan zituen errezildarrak.

Hortik aurrera, ordea, Arria erabat nagusitu zen. Zutikakoan izan zituen gauzak estuen, segundo bakar bateko aldea kendu baitzion. 1.26 izan zen bere denbora. 60 ontzakoarekin, ordea, dena erabakita geratu zen. Rekondori adar handi bat atera zitzaion, eta aurrera egiteko aukera guztiak galdu zituen. 1.39 izan zen gipuzkoarraren denbora eta 3.23 nafarrarena. Oin bateko bi enborrekin ere errezildarra nagusi, 1.15 izan zen bere denbora, eta hamasei segundo atera zizkion leitzarrari. Saio luzea ere, Xabierrek irabazi zuen. 14.36tan bota zituen enborrak, eta 16.00tan Leitzakoak. Denetara, 20.36 izan zen Arriaren denbora eta 23.40 Rekondorena. Jonek helduekin amaitu du bere ibilbidea, baina datorren asteburuan 23 urtez azpikoen finalerdia jokatu beharko du.

Mugertza eta Atutxa

Gazteetan, bai 23 urtez azpikoetan, eta baita 18 urtez azpikoetan ere, atzo ezagutu ziren finala jokatuko duten lehenengo aizkolarien izenak. 23 urtez azpikoetan, Mugertza II.ak erraz irabazi zion Xabier Mindegiari. 12.39 izan zen bere denbora, eta 14.17 Mindegiarena.

18 urtez azpiko lehen finalerdian ere ez zen ezusterik izan, eta Aitzol Atutxak Ander Erasuni irabazi egin zion. Gazte horiek datorren asteburuan ezagutuko dituzte finalean izango dituzten aurkariak.

Karrantza

Bihar eguerdian Karrantzan jokatuko den saioan erabakiko da finalerdietan izango den laugarren eta azken aizkolaria. Bertan, ligaxkan bigarren geratu diren hiru kirolariak izango dira.

Gazteak

Mugertza II.ak, 23 urtez azpikoetan, eta Atutxa II.ak, 18 urtez azpikoetan, Urrezko Aizkorako finala jokatuko dute, atzo lortu baitzuten txartela. Aurkariak, datorren asteburuan ezagutuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo