GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Bulder

Blokezalez gainezka Azpeitian

Pasa den larunbatean euskal preso politikoen aldeko bulder txapelketa herrikoia jokatu zen. Hiru maila izan ziren, eta, guztira, hirurogei lagunek egin zuten bat deialdiarekin.

Andoni ARABAOLAZA | AZPEITIA

Azpeitian, pasa den larunbatean, presoen aldeko eguna zuten. Makina bat ekitaldi antolatu zituzten eta, horien artean, herriko eskalatzaileei beste bat otu zitzaien: bloke txapelketa. Ez zuten batere zaila izango; izan ere, Gipuzkoako herri horretan eskalada oso sustraitua dago. Oholak altxatzeko leku bat behar zuten, eta horretan ere ez zuten batere eragozpenik izan. Herriko Gaztetxeak jaso zuen txapelketa: egun batez bulderzaleen egoitza bihurtu zen.

Eta, oro har, antolatzaileek ez dute izango kexatzeko batere arrazoirik. Larunbateko saioa erabat arrakastatsua izan zen. Guztira, 60 lagunek eman zuten izena. Eskalatzaile hauen artean, gainera, giro bikaina izan zen; bata bestari animatzen aritu ziren txapelketan zehar. Eta horrez gainera, ikusleen berotasunak ez zuen hutsik egin.

Antolatzaileek hala nahi zuten eta hala gertatu zen: txapelketa herrikoia izan zen. Hala ere, eskalatzaileen arteko aldeak hain handiak ez izateko, hiru mailatan banatu zituzten: Herrikoiak A (eskarmentua dutenak) eta B (hasiberriak) eta sateliteak (elitea edo goi maila dutenak). Eta motorrak berotzeko, lehenengo lehiak goizez ikusi ziren. Herrikoiak A eta Bren txanda izan zen. Sailkapenak jokatu zituzten, eta, horretarako, lehiakideek ordubeteko saioa zuten aurretik; denbora horretan antolatutako bost blokeak gainditu behar zituzten. Malo eta Xabi ekipatzaileek prestatutako «buruhausteetan» oso saio ederrak ikusteko aukera izan zen. Azkenean, maila bakoitzean 16 lagun pasa ziren finalera.

Final beroak

Egun eguzkitsua eta beroa izan zen larunbatekoa; hala ere, Azpeitiko Gaztetxean izan zen giroa ez zen atzean geratu. Arratsaldeko finaletarako (40 minutuko saioa zuten aurretik) ikusle gehiago bertaratu zen. Herrikoiak A finalean, inolako zalantzarik gabe, protagonista nagusi bat izan zen: Leire Aranbarri. Azpeitiarrak oso sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta saio bikaina egin zuen. Aranbarri bai nesken bai mutilen (denak batera lehiatzen ziren) mailetan gailendu zen, eta sari berezia jaso zuen. Maila mistoan azpeitiarrak irabazi zuenez, nesketan Josebe Zarautz izan zen lehenengoa, eta mutiletan Jon Oteiza.

Herrikoiak B mailan, berriz, Jakes Urangak ez zuen arazo handirik izan bere mailan irabazteko. Maila horretan eskarmentu gutxi daukatenak zeuden, baina, haatik, erakutsi zuten gogo handia dutela blokean jarduteko.

Bi maila hauen finalak bukatu bezain laster, sateliteak (elite maila) jarri ziren martxan. Aurrekoek ez bezala, soilik finala jokatu zuten. Malo eta Xabi ekipatzaileek bost bloke jarri zizkieten; ederrak baina, era berean, oso zailak. Bloke bakoitzeko hiru pege zituzten, eta lehia horretan parte hartu zuten zortzi eskalatzaileek (ez zen emakumezkorik izan) den-dena eman behar izan zuten.

Oso pauso gutxi, mugimendu zein sekuentzia ezberdinetakoak... Inork ezin izan zituen bost blokeak gainditu, gogorrak baitziren oso. Hiru top egitea soilik bi lagunek erdietsi zuten: Markel Mendietak eta Roberto Rodriguezek. Biek ala biek indartsu jardun zuten, baina Mendietak koska txiki bat atera zion Rodriguezi, eta azkenean garaipena lortu zuen. Hirugarren postua, bi blokerekin, Mikel Odriozolarentzat izan zen.

Era horretara amaitu zen Azpeitian presoen alde antolatutako bulder txapelketa herrikoia. Antolatzaileak, jakina, pozik ziren emaitzekin: «Oso egun biribila izan da. 60 lagunek bat egin dute deialdiarekin, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Gainera, bai ikusleen aldetik bai parte-hartzaileen aldetik oso giro ona egon da. Denbora guztian animoak ematen ikustea polita da oso. Bestalde, lehia herrikoia nahi genuen, eta uste dut asmatu dugula. Maila guztietako lagunak izan dira geure artean, eta hori zoriontzekoa da. Hau guztia ikusi ondoren, argi dugu datorren urtean beste ekitaldi bat antolatuko dugula. Bestalde, aukera hau aprobetxatu nahi genuke eskalatzaile azpeitiarren aldarrikapen bat egiteko. Herrian eskalatzaile asko gaude, zaletasun handia dago, baina oso egitura kaskarrak era berean. Bulder gela bat badugu, txapelketa hau Gaztetxean antolatu dugu... Hori guztia ondo dago, baina herrian dugun zaletasuna ikusita, eskaladako instalazio onak eskatzen ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo