HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Leitza, kontrakotasun handiz beteriko herria
Nafarroa iparraldeko herri horretan aldaketa handia ekar dezakete maiatzaren 27ko hauteskundeek, lau urteren buruan, 2003ko ilegalizazioa etorri zen arte herriko indar politiko nagusia zen ezker abertzalea udaletxera itzul baitaiteke.
Iker IRIARTE
Euskal Herriko hainbat udalerri eta kontzejutan gertatzen den moduan, ezker abertzalea, lau urteren buruan, berriz ere Leitzako Udalean egon daiteke. Izan ere, nahiz eta Abertzale Sozialisten zerrenda legez kanpo utzi duten, EAE-ANVrena onartu egin dute, eta hautagaitza sendoa da 2003ko maiatzera arte ezker abertzaleak zuen alkatetza lortzeko.
Orduan aldaketa handia izan zen herrian, UPN izan baitzen zerrenda bozkatuena, eta bost zinegotzi lortu zituen. «Hori ikusirik, Aralarrek eta EAk akordio bat ez, baina tratu bat egin genuen», azaldu digu EAko zerrendaburu Aitor Etxarrik. «EAk bere bi botoak Aralarri eman zizkion, eta horrekin baita alkatetza ere, Leitzan, beti izan den bezala, alkate abertzalea egon zedin», azaldu zuen.
Hala ere, horrek ez zuen UPNren jarduna txikitzerik lortu, eta, hala, indar nagusia ezker abertzalea izatetik UPNk bost zinegotzi lortzera pasatu zen. Horrek argi uzten ditu Leitzan aurki daitezkeen kontrakotasun handiak; izan ere, Larrain herri plataformak indar handia zuen arren, Leitza eremu euskaldunean UPNk indar handiena duen herrietako bat izatera igaro baitzen. Kopuruaz gain, zinegotzien nolakotasuna ere oso kontuan hartzekoa da, horien artean baitago «Leitzako bertsolaria», apirilaren 19tik hain ezagun egin dena. Horiena da, gainera, Udaleko osoko bilkuretara bandera espainola eramateko ohitura.
Patxi Saenz alkateak aurkakotasun horiei egotzi die, besteren artean, hainbat egitasmo aurrera eramateko izan dituzten zailtasunak: «Gauza asko egiten saiatu gara; batzuk ongi atera dira eta beste batzuetarako ez dugu astirik izan edo ez gara gai izan». EAE-ANVko zerrendaburu Xabier Zabalok, ordea, komunikazioari egotzi dio errua: «Herriarekiko komunikazioan huts egin du Aralarrek: bi poloen erdian jarri da denekin ongi konpontzeko, baina azkenean batekin eta bestearekin gaizki konpontzera eraman du horrek». Etxarriren arabera, EAk ez du kontuan hartzen joan den legealdia, bere hitzetan, «talde bat ilegalizatu» zutelako eta «herritar gehienak kanpoan» geratu zirelako. «Ideia guztiek egon beharko lukete Udalean, eta guztien artean adostuta, herriarentzako lan egin», azaldu du.
Aralarrek herritarren boz asko «erabili» zituela ere aipatu du Zabalok, baina proiektu nagusiak aurrera ateratzeko garaian argi ikusi dela «sentimenduz, jendearen gehiengoa ezker abertzalekoa dela». Horrek beste kontrakotasun handi bati bide eman dio, horren ondorio baita, Zabaloren arabera, alkatetzaren jabe den alderdiak hautagai zerrenda ateratzeko «arazo handiak» izatea. «Lehenengo laurak leitzarrak dira, baina beste laurak, Iruñekoak», azaldu du. «Herri bat gobernatzeko bertakoak izan behar lukete», kexatu da. Gaur egungo alkateak, ordea -oraingoan hautagai moduan aurkeztuko ez den arren ezinezkoa izan da Aralarreko zerrendaburuarekin hitz egitea-, zera nabarmendu du: «arazoak arazo, azkenean zerrenda osatu da eta nire babes guztia du».
Leitzak ageri duen kontrakotasunetako beste bat Ateka Beltza izeneko etxebizitzaren ingurukoa da, Guardia Zibilaren egoitza izatetik gaztetxe izatera pasatu baita. Polizia, aldiz, Maxurrenea izenekora joan zen -herritar gehienen kontrako jarrerarekin- han herriko elkarteek erabiltzeko egoitza bat jartzeko egitasmoa zegoen arren.
Ateka Beltzarenaz gain, etxebizitzena izango da udal hauteskundeetako gai nagusietako bat, beharrak badauden arren, alderdi bakoitzaren asmoak ezberdinak direlako. Lan mundua ere jorratu nahi lukete bai EAk baita EAE-ANVk ere, baina lehenak Leitzan bertan lanpostuak sortzeko pausoak emateko eskatzen du, eta bigarrenek emakumeek lana aurkitzeko dituzten zailtasunetan jartzen dute arreta.
Nolanahi ere, herriko lau alderdiak -EAE-ANV, Aralar, EA eta UPN- maiatzaren 27ari begira daude. EAE-ANV «ilusioz betea» dago; Zabaloren arabera, jendeak ezker abertzalea itzultzeko «gogoa» duelako, eta EA, duela lau urte «galdutako» botoak «pixka bat errekuperatu» eta «herriarentzat lan egiteko».