GARA > Idatzia > Gutunak

Eneko Yurramendi Aleman Nafarroako LAB-Irakaskuntza

Nor engainatu nahi duzu, STEE-EILAS?

Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatuz Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean STEE-EILAS sindikatuak egin berri duen elgarretaratzea zilegia ez ezik txalogarria ere izan daiteke; baina Nafarroan irakaskuntzan lanean dihardugunok auzo lotsaz ikusi dugu ekimen hau, bere burua zuritu nahian dabilen sindikatu baten lekuz eta garaiz kanpoko ekimen hau. Nola liteke UPNrekin hezkuntza arloan ituna sinatzea, eta handik gutxira hezkuntza politikan zutabe estrategikoa den euskararen gaiarekin UPNko gobernuari publikoki kontuak eska- tzea? Zerk bultzatu du STEE kontraesan honetara? Zerk larritzen du STEE?

UPNren hezkuntza politika zerbaitegatik ezaguna bada, Europako inon ez bezala bertako hizkuntzaren kontrako politika suntsitzaileagatik da. Ez dute inoiz asmo onik izan euskara irakaskuntzan zabaltzeko eta normalizatzeko, eta hamaika izan dira guraso zein nafar jendartearen gainetik, administraziotik zapuztu dituzten aukera, ilusio eta ekimenak. Euskararen kontrako iniziatibarik zikinenetakoa «British» ereduen aldeko apustua izan da; D ereduaren aldeko goranzko joera nolabait saboteatzeko UPNko administrazioak gastuetan erreparatu gabe bultzatu duen ekimen ilegala. Zoritxarrez «British» ereduko eskolen ilegaltasunak 2001ean UPNk UGT, CCOO, AFAPNA, CSIFekin sinatu zuen Hezkuntza Itunean sasi legalidaderako zirrikitu bat aurkitu zuen, sindikatu horien babesarekin.

Sei urtetara, azken urte eta erdia negoziatzen pasa ondoren, UPNk sindikatu batzuekin Itun berri bat lortu du: D ereduaren aldeko neurri aipagarririk ez bultzatzeaz gain, «British» ereduak babesten zituen 2001eko Ituna bere horretan berrestea lortu du. Gainera, borroka sindikalaren arau logiko guztiak apurtuz, lau urterako sinatu dute Ituna, euskararen kontrako neurri eta oztopo normatibo hauek guztiak lau urte luzez blindatuz. Sindikatu sinatzaileek euskararen alde urratsik egin behar izango ez duten legealdi oso baterako «karta zuria» eman diote Administrazioari. Eta sinatzaileen artean STEE-EILAS dago...

Aukera ugari izan ditu STEEk euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren alde beste hainbat eragilerekin batera lan egiteko (iazko «Eskolak Euskalduntzeko» sinadura bilketa, aurtengo «Hello Azpilagaña» ikaste- txeraino egin zen manifestazioa... ) eta ez ditugu gure artean ikusi. Baina orain, bere burua zuritu nahian edo, el- garretaratze harrigarri honetan agertu zaizkigu prentsan.

Ongietorriak euskararen aldeko ekimen eta eragile guztiak, baina asmoak garbiak eta benetakoak baldin badira. Gure hizkuntzaren aldekotasunak eta ezagutzaren transmisioan duen garrantzi estrategikoak koiunturaren eta zurikeriaren gainetik egon beharko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo