ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA
Beren aldeko botoa «erabilgarriena» dela esan du EAE-ANVk Berriozarren
EAE-ANVren aldeko boza «erabilgarriena» izateaz gain, prozesuak aurrera egin dezan beharrezkoa dela deritzo alderdi horrek. Madrilen ere balio horretaz ohartu direla eta erne daudela adierazi du.
GARA |
EAE-ANVk Berriozar aukeratu zuen, atzo, ekitaldi nazionala egiteko agertoki gisa, eta bertan, alderdi horren aldeko boza «erabilgarriena» izateaz gain, Euskal Herriko gatazka gainditzeko «ezinbestekoa» dela adierazi zuen. Alde horretatik, Madrilen ere, EAE-ANVren «bozaren balioaz» jabetu direla adierazi, eta alderdi abertzale horrek eskuratuko duen babesarekin «erne» ibiliko direla esan zuten.
Arratsaldeko zazpi eta erdietan, Musika plazan abiatu zuten ekitaldia, eta bertan, Nafarroako Parlamenturako hautagai Susana Sureda eta Arantza Santesteban aritu ziren hizlari lanetan. Azken horrek gogor gaitzetsi zuen UPN, CDN, PSN, IU eta Nafarroa Bai alderdien jarrera, eta datozen hauteskundeei «anbizio pertsonalarekin baino areago anbizio politikoarekin» aurre egin behar zaiela esan zuen.
Alderdi historikoa, «premia pertsonalak bultzatu ordez», herriak eta gizarteak indartzen dutela adierazi zuen Santestebanek. Haien ekimenak ingurumenaren alde, herritarren ekonomia babesteko edota euskara bultzatzeko izanen direla jakinarazi zuen. «Ezkertiarrak gara eta jenderengan pentsatzen dugu», nabarmendu zuen EAE-ANVko hautagaiak.
Santestebanek premiazkotzat jo zuen maiatzaren 27ko hauteskunde hitzorduan Nafarroak prozesuari baiezkoa ematea. Herrialde horren etorkizuna «jokoan» da haren ustez, eta erronka «bakea, konponbide politikoa eta Nafarroa Euskal Herriaren motorra izatea» dela deritzo.
PSNren hauteskunde kanpaina bultzatzeko asmoz, Felipe Gonzalez ekartzea gogor kritikatu zuen hautagai nafarrak, eta «GALen irudia den horrek» PSNk aurkeztu nahi duen etorkizuna ordezkatzen duen itaundu zuen.
PSNren eta UPNren arteko lehia «poltroneroen artekoa» dela ere esan zuen hautagaiak.
Berriozarren egindako ekitaldian, hezkuntzaren garrantziaz aritzeko beta hartu zuen EAE-ANVk, eta askotarikoa, barneratzailea eta kulturartekoa den hezkuntzaren alde egin zuen. Susana Sureda hautagaia parte hartzeko eskola demokratikoaren alde agertu zen, eta euskaldundua izateko eskubidea errespetatuko duen eskola eraikitzeko apustua egin zuen.
Gasteizen euskararen alde
Arabako hiriburuan ere, EAE-ANV jo eta su dabil hauteskunde kanpainan lanean, eta atzo euskararen arloari eman zion lehentasuna. Europa kultur etxean egindako ekitaldian, EAE-ANVko hautagai Fito Kerexazuk gogor gaitzetsi zuen egungo Udalak euskararekin duen jarrera, eta Gasteizen euskararen egoera hobetzeko asmoa duten hainbat neurri plazaratu zituen. Haien artean, araubide berria eta euskararako zinegotzigoa proposatu zituen Kerexazuk.
«Nafarroa Bai izena hartu badute ere, ez daude baiezkoan. Koalizio horrek ez du Euskal Herria aintzat hartuko duen esparru berri baten alde egiten. Nafarroa Bai EAJ da; Imaz da».