Arrosadiako baratzeetako obretan dagoen makineriari kateatu zaizkio grebalariak
GARA |
Atzo goizean, Iruñean gose-greban dauden gazteak Arrosadiako baratzeetan egiten ari diren lanetako makineriari kateatu zitzaizkion. Bi lagun hondeamakina batera igo ziren, eta haiei bertze hiru kateatu zitzaizkien. Inguruan jende gehiago bildu zen, baratzeak suntsitzen ari direla salatzen zuen kartelarekin. 12.30 aldera gertatu zen hori, eta ordu erdi geroago Udalatzainen eta Foruzainen hiruna furgoneta agertu ziren. Inguruan zeudenak urrunarazi eta kateak moztu zituzten. Gero, jende guztia lan eremutik kanporatu zuten. Grebalariek kontatu zutenez, bizilagunak leiho eta balkoietara atera ziren protestan, kazuelekin zarata ateratzen, Udaltzainen jarduna gaitzesteko.
Joan den larunbatean hasi zuten hamar gaztek «Iruñerria piztera goaz» kanpaina, eta euren aldarrikapenak kontuan har ditzaten utzi zioten jateari. Hainbat ekitaldi egin dituzte; larunbatean, adibidez, triki-poteoa egin zuten Alde Zaharrean. Igandean Landabeneko merkatuan izan ziren protesta ezagutarazteko, eta arratsaldean, haurrentzako jokoak egin zituzten Gaztelu plazan. Astelehenean, protesta ekintza bat egin zuten Gaztediaren Etxean, eraikinari kateatuta. Aske gelditu ziren, eta grebalarien erranetan, hauteskundeetan gaudenez, lasaiago dabiltza udaltzainak.
Arrosadiako inguru hori, Mochuelo deitzen dutena, duela urte bat, herri ekimenak bultzatuta, garbitu eta moldatu zuten. Baratzeak, eserlekuak, zuhaitzak eta oilategi bat jarri zituzten auzolanean. Udalak, ordea, eraikuntzako enpresa bati saldu zion lurra, eta dena suntsitu zuen bertan sartu zen makineriak. Hori salatu zuten atzo.