GARA > Idatzia > Euskal Herria

2009ko ekainaren 30a da Bera eta Endarlatsa arteko bide berria bukatzeko data

Nafarroako Gobernuko Garraio sailburua, Alvaro Miranda, Beran izan zen atzo herri hori eta Endarlatsa lotuko dituen errepide berriaren gaineko azalpenak ematen. Obrak zailak izanen direla eta bi urte iraunen dutela erran zuen. Ekainaren 10ean sinatuko dute akta.

Maider IANTZI |

Laster hasiko da Mariezkurrena enpresa Bera eta Endarlatsa arteko errepidea moldatzen, ekainaren 10ean akta sinatu ondotik, eta bi urte emanen ditu lanean, 2009ko ekainaren 30a baita galtzada berria bukatzeko paratu duten data. «Badakigu gogorra izanen dela, baina konponketa egin dezatela hainbertze aldiz eskatu eta gero ezin gara orain obrengatik kexatzen aritu», adierazi zuen atzo Berako alkate Elena Santestebanek, Alvaro Mirandarekin eta Bortzirietako udaletako zenbait ordezkarirekin batera egin zuen prentsa agerraldian.

Nafarroako Gobernuko Garraio sailburua kontent azaldu zen «urtetako prozesu bat bukatu delako eta jendeak itxaroten jakin duelako» Gipuzkoarekin akordioa lortu eta ibilbide guztiak enpresei esleitu arte. Bera eta Endarlatsa arteko obrak egiteko hogeita bi eskaintza izan dituzte eta denak aztertu ondotik Mariezkurrenari eman diote lana. «Guretzat, obrak ongi eginen dituzten bermea da Mariezkurrena», baieztatu zuen Alvaro Mirandak.

16 milioi euroko inbertsioa eginen dute Bera eta Endarlatsa arteko galtzada berritzeko. Ez da hori izanen, ordea, heldu diren bi urteetan konponduko duten N-121-A-ko ibilbide bakarra: Endarlatsa-Irun, Etxalar-Bera eta Igantzi-Etxalar ere moldatuko dituzte, denetara 120 milioi inbertituta. Urte anitzetan Nafarroan eginen dituzten obra zailenak direla ohartarazi zuen Garraio sailburuak eta horregatik pazientzia eskatu zien herritarrei: «Lanekin elkarbizitzea ez da erraza izanen, baina bi urte azkar pasatzen dira».

Obrek iraun bitartean ezin dietela kamioilariei ibiltzea debekatu erran zuen, baina N-1 eta A-15 bideetatik gida dezaten ahaleginduko direla agindu zuen. «Ikusiko dugu obrak nola garatzen diren, baina guk deus erran gabe ere, denbora luzez geldirik egotea tokatzen bazaie, bertze bide batzuetatik joanen dira», azaldu zuen. Izan ere, proiektuaren aurkezpenean jakinarazi zutenez, arrokak lehertzean eta galtzada garbitzean bidea moztu beharko dute.

N-121-A plataformari eskerrak

Bai Alvaro Mirandak eta bai Elena Santestebanek N-121-A herri plataformak egindako lana goraipatu zuten. «Aldarrikapenak nola egin behar diren erakutsi digute eta arazoa konpontzekotan den honetan aparte egoten jakin dute», erran zuen Berako alkateak. Mirandak, berriz, sailburu izendatu zutenean hartu zuen lehenbiziko kolektiboa izan zela oroitarazi zuen: «Bere eskaera neurrizkoa izan zen: Ez ezbeharrei, bai errepideari».

3 bideko galtzada

3,50 metroko hiru bide izanen ditu galtzadak, horietatik bi Endarlatsatik Berara joateko, alde horretara malda goiti baita. 1,5 metroko bazterrak ere eginen dituztela jakinarazi zuten atzo egitasmoa aurkeztean.

2.533 metro luze

Berako saihesbidea pasatuta hasten da proiektua, N-121-A-ren eskuineko aldean dagoen zerbitzu gunearen parean, eta Endarlatsako zubian bukatzen da. 2.533 metroko luzera izanen du errepideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo