AHTri buruzko herri galdeketa izanen da Aramaion 27an
GARA |
Orain dela urtebete pasa hasi ziren aramaioarrak AHTren inguruko kontsulta egiteko ideia lantzen, Lakuako Gobernuaren proiektuak eragin handia izanen bailuke herrian eta bizilagunei ez baitiete tren horren gaineko iritzirik galdetu.
1.200 biztanle daude Arabako udalerrian erroldatuta eta horietako 657 lagunek sinatu zuten udalari galdeketa egiteko eskatzeko. Joan den azaroaren 25ean osoko bilkura izan zen eta bi mozio aurkeztu zituzten, bat EAJk eta bertzea kontsultaren aldeko bizilagunek. Herriak presioa egin zuen eta bigarrena onartu zuten azkenean. Herritarrek eta zinegotziek batzorde bat eratu zuten eta galdeketarako data eta lekua paratu zituzten: hauteskunde egunean, maiatzaren 27an, Kultur Etxean.
Nekazariei kalte
Aramaioarrak kezkatuta daude Abiadura Handiko Trena egiten badute, nekazariek eta abeltzainek kalte handiak izanen dituztelako. Lugartegi baserria bota eginen lukete eta bertze hiru baserrik 40 metrora izanen lukete azpiegitura erraldoia. 400 metroko luzerako zubi bat egiteko asmoa ere badute.
AHTren inguruko galdeketa antolatu dutenek «Jaurlaritzaren inposaketa» salatu zuten atzo prentsaren aitzinean, eta herritarren hitza aintzat hartzea ezinbertzekoa dela ohartarazi zuten. Kritika hori egitearekin batera, egitasmoari ezezko borobila ematera animatu zituzten boto-emaileak.