GARA > Idatzia > Herri-kirolak

XIBA Euskal Herrien arteko Euskal Jokoak

Sara garaile etxean jokatzearen abantaila baliatuta

Berdintasuna eta giro bikaina nagusi Lapurdin Herri Urratsen bezpera egunean egindako jaialdian

Manex ALTUNA | BILBO

Herrien arteko hirugarren jaialdia jokatu dute azken asteburuan. Lapurdiko taldeei egokitu zitzaien oraingoan, eta Sarako herrian lehiatu ziren.

Eguraldia lagun, adin guztietako hainbat ikusle bertaratu ziren taldeak animatzera, eta giro bikaina izan zuten Herri Urratsen bezpera egunean. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko eguna hurrengo egunean ospatzeak jaialdia berotzen lagundu zuen, eta parte hartu zuten bederatzi taldeak gogor lehiatu ziren.

Berdintasun handia izan zen talde guztien artean. Horren lekuko, lehendabiziko sailkatuak, Sarak, 20 puntuko aldea bakarrik atera izana azkenengoari, Zibururi. Euskal herrien arteko euskal jokoen laugarren edizioa da, eta parte-hartzaileek probak gero eta hobeto ezagutzen dituztenez gero, aldeak asko murriztu dira.

Etxean jokatzearen abantaila baliatuta, Sarako taldea izan zen nagusi, herrikideen aurrean 857 puntu lortu baitzituen zortzi probetan. Garaipena lortzeko lehia, ordea, estu-estua izan zen hiru talderen artean.

Sarakoek azken mementora arte borrokatu behar izan zuten Angeluko eta Itasuko taldeekin. Xiban, musean, dantzan eta sokatirako probetan lortutako garaipenek berebiziko garrantzia izan zuten lehen postuan bukatzeko.

Itsasuk hiru puntugatik bakarrik galdu zuen, 854 eskuratu zituen-eta. Jaso-altxa eta arpana probetan irabazi zuen, baina tokan eta musean ez zen ondo aritu. Angeluk 850 punturekin bukatu zuen pixka bat urrunago. Probarik irabazi ez arren, oso erregularrak izan ziren taldeko kide guztiak.

Laugarren sailkatua Baionako taldea izan zen, eta ekainaren 30ean Euskal Herria Zuzenean jaialdian jokatuko duten finalerako lehian zegoen azken txartela eskuratu zuen. Tokan garaileak suertatu ziren Lapurdiko hiriburukoak.

Biarritzek eta Azkainek berdindu egin zuten bosgarren tokian; Luhuso zazpigarren izan zen, Urruña zortzigarrena, eta Ziburu azkena.

Jaialdia bukatu ondoren afaria egin zuten plazan, eta gero erromeria. Sarako gaztetxeak antolatuta kontzertuak egon ziren, eta taldeen artean Tapia eta Leturia ere izan ziren jaialdia alaitzen.

Igandean Balmasedan Ibilaldia jaian

Herrialdeetako kanporaketak azken txanpara heltzen ari dira, eta Balmasedan egingo dute laugarren jaialdia. Ibilaldiaren egitarauan joango da euskal herrien arteko euskal jokoen lehia, eta goizeko hamaiketan hasiko da seigarren gunean, Gorbeia izenekoan. Antolatzaileek esan dutenez, eguraldi ona eginez gero, aparkaleku aurrean egingo dute, eta txarrarekin, pilotaleku barnean. Bederatzi taldek emana dute izena (Lekeitio, Markina, Mungia, Areatza, Trapagaran, Durango, Deustua, Zorrotza eta Urtxintxa) eta jaialdia amaitutakoan bazkaria izango da parte-hartzaile guztientzat.

Manex ALTUNA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo