Berezkoak
Loquillo izango da Angeluko Torneoko berrikuntza
Pilotari mexikarrak Waltari izango du lagun gaur gauean jokatuko duten finalerdian, eta Sorhuet eta Ezkurra II.a izango ditu aurrez aurre
Jon LEUNDA | BAIONA
Gaur abiatuko da EPB enpresak antolatzen duen Angeluko Torneoa. Bertako berrikuntza nagusia Loquillo mexikarra izango. Waltari izango du, gainera, lagun, eta biko hori ikusteagatik bakarrik ere, jende asko joango da Angelura.
Gaur 19.00etan hasiko da jaialdia, eta bi finalerdiak bat bestearen atzetik jokatuko dituzte. Finala, berriz, hilaren 25ean izango da, 19.00etan.
Lehenengo finalerdian, Idiart-Ozafrain Larretxea-Etxetoren aurka neurtuko dira. Finalerdi estua izango da, lau pilotariak baitira punta-puntakoak. Etxeto, gainera, sasoiko eta indartsu dator. Binakako Txapelketa eta Donibane Garaziko Torneoa irabazi ditu, biak ere Waltarirekin. Torneo honetan, Larretxea izango du lagun, eta Etxetori ahalik eta laguntzarik onena ematen saiatuko da.
Hala ere, Idiart eta Ozafrain aterako dira faborito. Panpi Idiart sasoiko dago. Bai Bakarkakoan baita Binakakoan ere lan bikaina egin du. Binakakoan, esaterako, atzean ez zuen atzelaririk puntakoena izan, baina maila latza eman zuen. Atzean Ozafrain izango du. Binakakoan eta Bakarkakoan finalean izan da, nahiz eta biak galdu dituen. Txapelen bat irabazteko garaia ere heldu zaiola dio Patrick Ozafrainek.
Erakargarriena
Hala ere, finalerdietako partidarik erakargarriena bigarrena izango da. Bertan Waltari eta Loquillo Sorhueten eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira.
Ikusmin handia piztu du partida horrek. Bi amerikarrak bikotea osatuko dute, eta horrek berak ematen dio pizgarria partida horri. Bestetik, Ezkurra II.a eta Waltari elkarren aurka ikusteak ere zerbait berezia sortzen du, berak baitira gaur egun trinketeko esku pilota profesionaleko bi onenak. Azkeneko aldiz Binakakoan neurtu ziren, eta orduan urruñarrak astindu handi samarra hartu zuen.
Partida horretako gakoa Loquillo izango da. Mexikarraren erantzunak zerikusi handia izango baitu partidaren amaieran. Azkeneko aldiz Euskal Herrian joan den abenduan izan zen, eta orduan Superprestigioa jokatu zuen. Partida bakarra jokatu zuen, eta astindua hartuta etxeratu zen. Torneo honetan orduan baino itxura hobea emateko itxaropen osoa ekarri du.
Izan ere mexikarra Euskal Herrian ari da lehiaketa prestatzen, eta EPB enpresarekin jokatuko duen torneo bakarra ez da izango Angelukoa. Maiatzean Lapurdin izango da, eta Paueko torneoan ere izango da. EPB enpresako arduradun Jean Michel Idiartek GARAri adierazi zion: «Gurekin ari da entrenatzen, eta guk berarekin genituen aurreikuspenak betetzen ari gara. Hemen torneo batzuk jokatuko ditu; gurekin entrenamenduak egingo ditu, eta gero Mexikora jango da, eta han jarraituko du pilotan. Orain Angelun jokatuko du, eta gero Pauen, eta tartean Donibane Garazin ere jokatuko du norgehiagoka bat», esan zuen.
Gero, EPBk lehiaketa bat antolatuko du Mexikon datorren urrian: «Orain Loquillo hemen dabil, eta gero ere etorriko da, baina Mexikon ere badaude pilotari interesgarri gehiago, eta hangoekin eta hemengoekin lehiaketa bat antolatuko du Mexikon».
Aurretik, ordea, gaur Angeluko Torneoa abiatuko da, eta zaleek erantzun handia emateko itxaropena dago. Partida bat amaitu eta bestea hasi bitarte, gainera, afari-merienda ere izango da debalde, eta hori ere pizgarria izango da.
Datorren astelehenean Donibane Garazin izango den pilota jaialdian bi partida berezi izango dira, bertan egongo baitira EPBk dituen bi amerikarrak.
Hasteko, Loquillok Errekarten aurka jokatuko du buruz buru, eta ondoren, Waltarik Alfaroren eta Hegiabehereren aurka jokatuko du. Kubatarrak erronka gogorra izango du, bikote baten aurka arituko baita bera bakarrik.