Aizkora Urrezko lehiaketa
Arrospidek ez du ezusterako tarterik utzi, eta finalerdietan izango da
J.L. | KARRANTZA
Anjel Arrospidek ez du ezusterako tarterik utzi, eta Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela eskuratu du. Atzo jokatu zuten Karrantzan kanporaketa, eta bertako plaza jendez gainezka zegoen.
Aizkolariek lan handia egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten. Gero, 45 ontzakoa zutik erdibitu zuten. Laugarren lanean 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta azkenik lau kana-erdiko eta 45 ontzako bat moztu zituzten.
Proba guztiak Arrospidek irabazi zituen. Kolpekakoan, berak 37 behar izan zituen; 39, Arriak; eta 44, Lopezek. Erlojuz kontrakoan, 46 segundo izan zen Arrospideren denbora; 50, Arriarena; eta 58, Lopezena.
Zutikakoan, 1.36 izan zen Leaburukoaren denbora; 2.04, Lopezena; eta 2.06, Arriarena. 60 ontzakoarekin, 2.17 izan zen gipuzkoarraren marka; 2.36, Lopezena; eta 2.41, errezildarrarena. Lan luzean, 11.09 izan zen irabazlearen denbora; 11.50, Lopezena; eta 13.28, Arriarena. Lan guztiak burutzeko, Arrospidek 16 minutu eta 15 segundo behar izan zituen; 18.02, Lopezek; eta 19.44, Arriak. Finalerdietan Leaburukoak Nazabal izango du aurkari, eta bestean Olasagasti eta Larretxea neurtuko dira.
Bizkaitarrak
Urrezko harri-jasotzaileen saioan, Agirre eta Barinagak irabazi zuten 10.085 kilo jasota, eta Telleria II.ak eta Urrutiak 9.953 kilo bizkarreratu zituzten.