Atarrabiako Udalari laurehun kexa bidali dizkiote Gazte Eguna egitea debekatzeagatik
GARA |
Atzo goizean, Atarrabiako Gazte Kontseiluko hainbat kide udaletxera zuzendu ziren herritarren artean bildutako 400 kexa inguru helarazteko asmoz. Joan den urtarrilean eskatu zuten Gazte Eguna egiteko baimena, eta joan den hilabetean Udalak baimena ez ziela emango esan zien, «hauteskunde kanpaina izanik, herriko lokalek alderdiek erabil ditzaten libre egon behar dutelako».
Heldu den larunbatean, hilaren 19an, Atarrabiako Gazte Eguna egitekoa dute, eta Gazte Kontseiluan biltzen diren herritarrek antolatu dute. Egitarau indartsua prestatuta zuten -tartean kontzertuak egitea pentsatua zuten-, baina Udalak ekitaldiak herriko frontoian egitea debekatu zien, eta, beraz, bertan behera utzi behar izan dituzte ekitaldi nagusiak. Bertzeren artean, ekimen hauek ez dituzte egingo: frontoian egitekoa zuten herri bazkaria, karrozekin egindako kalejira eta gaueko kontzertuak. Atarrabiako bi taldek, Su Ta Garrek, THCk eta Des+karadas-ek jotzekoa baitzuten.
Hori dela-eta, besta xumeago bat antolatzea pentsatu dute. Goizean, Santxo plazan, jinkana eta pailazoak izanen dira, eta ondotik hamaiketakoa eginen dute. Handik kalejiran joanen dira udaletxeko plazara, eta urtero egin beharrekoa duten bilera antolatuko dute bertan. Gazte Kontseilua Udalaren esku izanik, lehendakaria aukerako betebeharra dute, eta horretarako baliatuko dute bilera. Kalderete lehiaketa izango da gero, eta arratsaldean bertze kalejira batean ibiliko dira, musika zabalduko duen kamioi batekin. Kontzer- tuen ordez, herriko tabernetan eginen dute besta.
Kideek salatu zutenez, UPNk eta PSNk ez diete uzten beren ekimenak aurrera eramaten. Udaleko alderdiek gazteak laguntzeko asmoa dutela esaten dutela baina atzetik trabak jartzen ibiltzen direla jakinarazi zuten.