GARA > Idatzia > Musika

Ttakun jaia Hernanin

Txalaparta Festa

GARA | HERNANI

Berrikuntzarik izango duen arren, aurreko edizioen ildo beretik jarraituko du Hernaniko Txalaparta Festak ibilbidea. Delako hitzordua Udal musika eskolaren eta Ttakun Ttan Ttakun taldeak antolatu dute.

Hernani Udal Musika Eskolak eta bertako Ttakun Ttan Ttakun txalaparta taldeak antolatuta dator festaren 21. edizio hau; gaurtik eta larunbata bitartean egingo dena. Arduradunek jakinarazi dutenez, oraingo hitzorduan berrikuntzak izango badira ere, funtsean aurreko edizioen ildo bereari segituko dio, txalapartaren hainbat arlo aztertzen eta aurkezten, alegia.

Egitarau oparoa prestatu dute horretarako. Eta, hasiera gaur arratsean emango diote. Izan ere, Biteri Kultur Etxean, 19.30ean, Juan Mari Beltran musikari ezagunak eta Andres Doñate informatikoak prestatutako Ttakun Txalaparta joaldiak idazteko programa informatikoaren «Ttakun 2.1» bertsio berriaren aurkezpena eta 20. Txalaparta Festaren DVD emanaldia izango dira aukeran -saioa «irudiART. com soluciones audiovisuales»-en laguntzaz egingo da- Bihar, leku eta ordu berean, txalaparta emanaldi berezia eskainiko du Tarragonako Txala taldeak, «Txalaria» diskoa aurkeztuko du-eta. Gauerdian, aldiz, Atxur tabernak hartuko du lekukoa, «Txalaparta party aparta» bertan egingo baita (txalaparta eta disko emanaldiaz). Larunbatarekin batera beste hainbat ekimen iritsiko dira Hernanira. 18.00etatik aurrera, Ezkiaga pasealekuan (Tilosetan) Txalaparta Festa izango da, baita saio libreez osatu erromeria ere. Gainera, sagardo banaketarik ez da faltako, eta Hernani Musika Eskolako Alboka, Dultzaina, Trikitixa eta Txistu taldeak kaleak hartuko dituzte. 21.00etan herri afaria egingo dute (irekia izango da, 18 euroren truke. Izena emateko Musika Eskolara deitu daiteke: 943 33 70 50 zenbakira, alegia).

Afalostean, jaialdi nagusia. Hernaniko Bertso Eskolako kideak arituko dira bertan, bai eta Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari familietako kideak ere. Ez dira ondoko hauek ere faltako: Gasteizko Harresian Zulo taldea; Bernat Etxepare lizeoa, Baiona eta Ziburuko Txalaparta Taldea (Itxaro Bordaren «Neanderthal ametsak» poesiarekin prestatu joaldia); Antsoaingo txalapartariak; Bizkaiko «anandalan 3.1» (Ander Sanchez eta Anartz Iturrioz); Gipuzkoako Zorabiok taldea eta Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun; eta Tarragonako Txala

Festa gunean «txalaparta merkatu txikia» irekiko dute (grabaketak, liburuak, bideoak, materiala...). Eguraldiak lagunduko ez balu, larunbateko ekintza oro Atsegindegi plaza estalira bideratuko dituztela ja- kinarazi dute antolatzaileek.

Fitxa

Data: Gaurtik igandera arte.

Lekua: Biteri Kultur Etxea eta Ezkiaga pasealekua (Hernani).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo