The Dubliners, folk irlandarraren ikurrak bizirik jarraitzen du
1962an sortua, The Dubliners talde irlandarrak lau hamarkada luze daramatza kantuan. Folk zeltaren mito, ehun eta laurogei disko inguru grabatu ditu oraindik ere sasoian dagoen taldeak. Asteazkenean, gurean izango dira kontzertu bakarra emateko, Bilboko Kafe Antzokian.
Anartz BILBAO | BILBO
Dublingo O'Donoghue's pubean Ronnie Drew Group izeneko laukote gazte batek egin zuen debuta 1962an. Berrogeita bost urte geroago, oraindik bizirik eta sasoian da James Joyceren liburu ospetsuaren eraginez izena aldatu zuen taldea, egun The Dubliners izeneko boskotea. Lau hamarkada luze hauetan ehun eta laurogei lan plazaratu ditu taldeak.
Ronnie Drew, Luke Kelly, Barney McKenna, Ciaran Bourke eta John Sheahanek osatutakoa jotzen da formazio klasikotzat. Hauetako bi baino ez daude egun taldean, Luke eta Ciaran 80ko hamarkadan zendu baitziren eta Ronniek 1995ean utzi baitzuen errepidea.
Lagunartean egindako pub eta garagardo giroko musika joz, 1967koa dute kanturik ezagunena, «Zazpi gau edanda». Hurrengo hamarkadak bira basatiak ekarri zituen eta 1987an miresle zituzten The Pogues parrandazaleekin batera «Irish Rover» grabatu zuten. 1992an hogeita hamargarren urteurrena ospatu zuten lan bikoitza plazaratuz eta 2002an beste horrenbeste. Ohartu gabe, aurki helduko zaizkie urrezko ezteiak ere.
Egungo taldea
Barney eta Johnekin batera Sean Cannon, Eamonn Campbell eta Patsy Watchornek osatuta dagoegun folk irlandarra ulertzeko ezinbestekoa dugun boskotea.
Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra izango da honakoa, eta taldekideak 63 eta 68 urte bitartekoak badira ere, bitxikeria gisa esan dezakegu dagoeneko 2008an Parisen emango duten kontzertua iragartzen ari direla. Bejondeiela!
Hastapenetatik taldekide diren Barney McKenna banjo-jotzailea eta John Sheahan biolin-jotzailearekin batera Sean Cannon, Eamonn Campbell eta Patsy Watchornek osatuta dago egungo boskotea.
Duela berrogeita bost urte Dublingo pub batean Ronnie Drew Group bezala jaioa, James Joyce idazlearen «The Dubliners» liburu ospetsuak eman zion izena folk irlandar musika hedatu duen taldeari.
Data: Asteazkena 23.
Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).
Ordua: 21.00etan.
Sarrera: 20/22 euro.