GARA > Idatzia > Musika

DISKO BERRIAK Aritz Sound System

Afrikar etorki(zu)naren ahotsa

Angelique Kidjo 1960. urtean jaio zen Afrika mendebaldeko Benin herrialdean. Historian zehar esklabotasunak izan duen eraginagatik eta vodoo sinesmenaren jaioterria delako da ezaguna Benin. Emakumeak abeslari izatea oso gaizki ikusia egon arren, oso gazte hasi zen Angelique abesten. Txikitatik musika estilo desberdinak entzun ditu; Zaireko errunba, Kamerungo makossa, AEBetako soul, jazz eta funkia eta Jamaikako reggaea, eta musika horiek guztien eragina antzeman daiteke bere musikan.

Oso gazte zela Parisera ihes egin behar izan zuen kantariak eta geroztik AEBetan eta Brasilen bizi izan da. Bidaia horiek guztiek eragina izan dute ontzen duen musikan eta musika horrek urteetan izan duen garapenaren eragile dira.

Hasierako diskoetan jazz eta funkiaren eragin handia antzeman daiteke (base elektroniko indartsuekin batera), eta azkenekoetan, berriz, erritmoak lasaitzearekin batera, Hego Amerikako musikaren eragina nabariagoa da. Azken diskoa, hemen aipatzen dugun «Sjin Djin», alegia, bizitza osoko ibilbidearen laburpena dela esan daiteke, eta horren isla da bertan izan dituen laguntzaileak (Amadou and Marian, Brandford Marsalis, Alicia Keys, Carlos Santana, Ziggy Marley, Joss Stone, Josh Groban eta Peter Gabriel).

Hizkuntza desberdinetan abesten du Angelique Kidjok eta, edozein dela erabiltzen duen hizkuntza, inoiz entzun dugun ahots ederrenaren arima afrikarra aurkituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo