GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Auteskundeak Euskal Herrian

Miguel Torrek (EH Bai) «harrotasunez» ekingo dio hautagaitzaren lanari

Maria AIZPURUA |

Euskal Herria «aitortu eta errespeta dezaten eta parte-hartzea bultzatzen duen demokrazia eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraikitzeko», Ezker Abertzalea aspaldi ari dela lanean nabarmendu zuen atzo, Baionan, Miguel Torrek. Gainera, datozen hauteskundeetan «lan horren segida hartzeagatik harro» dagoela esan zuen.

V. hautes-barrutiko Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioko hautagaiak Manex Pagola ordezkoarekin babestuko duen programa aurkeztu zuen.

Potentziala

Koalizioaren ardatz nagusiaz gain, Baiona, Angelu eta inguruko hainbat herri biltzen dituen barrutiko arazoak hartu ditu kontuan programan. Hala, ekonomiari eta enpleguari dagokienez, «potentzial handia» dagoela ziurtatu zuen Torrek; batez ere, garapena Hego Euskal Herriko harremanak estutzearekin lotzen baldin bada.

Garraioari buruz, berriz, zein motatako garapena nahi den zehazteko eztabaida publiko globala eta garraio mota guztiak -trena, errepidea, itsasoa...- kontuan hartuko dituena egitea premiazkoa dela esan zuen Torrek. Gainera, AHT linea berriaren eta A-63 zabaltzearen aurka daudela argi utzi zuen.

Bigarren etxebizitza tasatzea, hutsak konfiskatzea, gutxienez eraikuntzaren erdia etxe soziala izatea, xede horretarako lur-erreserbak egitea eta diru laguntzak edota «mailegu bigunak» jaso ahal izateko kostaldea I. zona gisa klasifikatzea dira, besteren artean, espekulazioaren arazoari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak.

Hautagai abertzaleak eredu produktibista eta transgenikoak baztertzeko exijitzen du laborantzaren arloan, eta, gazteriaren inguruan, unibertsitatea sortzea, gazteentzat gune bereziak ezartzea eta 18-25 urte tartean ikasten edo lehen lana bilatzen ari direnentzat, baliabide ekonomikoak.

Ez Grenetek, ez Espilondok ez dute «Euskal Herria aitortzen»

Programaren berri eman aitzin, 5. barrutian aurkeztuko diren bi hautagaiak kritikatu zituen Miguel Torrek. Lehenik, egungo diputatu Jean Grenet UMPkoa. Torrek adierazi zuen: «Karguak pilatzen dituen jaunttoa besterik ez da, oso lan gutxi egin baitu diputatu bezala».

Adibiderako, bost urteotan parlamentariek, batez beste, 222 eskaera egin dituzte, eta Grenetek 59 pausatu dituela esan zuen: «Gainera, soilik bakarrak zuen lotura Euskal Herriko arazoekin». Hari boza ematea «berriro Sarkozy bozkatzea bezala» dela esan zuen, eta Jean Espilondo hautagai sozialista hartu zuen hizpide.

EH Baiko hautagaiak esan zuen: «Anti-euskalduna, puntu bat arrazista eta zeharo jakobinoa da eta Euskal Herriaren existentzia ukatzen du». Ez batak, ez besteak ez dituzte Batera plataformaren eskakizunak babesten.

Torre bigarren itzulira pasatzen ez bada, oraindik ez dute aztertu hautagai jakin baten alde bozkatzera deirik egingo duten. «Halere, ziur gara ez dugula ez Grenet ezta Espilondo ere bozkatzera deituko», esan zuen. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo