GARA > Idatzia > Ekonomia

Sindikatuen arabera, Irakaskuntzako grebak %60ko jarraipena izan zuen

Irakaskuntza publikoan grebak %60ko jarraipena izan zuen Araban, STEE-EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuen arabera. Lakuako Hezkuntza sailak, berriz, %34 baino ez zuen zenbatu.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA |

ELA, UGT, STEE-EILAS eta LAB sindikatuen arabera, irakaskuntza ez unibertsitarioan atzo deitutako grebak %60 eta %65 bitarteko jarraipena izan zuen Araban. Ikastetxeen %80etan ez da klaserik izan grebagatik, beren datuen arabera. «Zentru batzuk erabat itxita eta beste batzuetan gehienek greba egin dute», azaldu zuten.

Gasteizko Hezkuntza Saileko ordekaritzaren aurrean elkarretaratu ziren irakasleak eta, ondoren, manifestazio bat egin zuten «Hezkuntzaren jarrera itxiagatik» azken hilabetetan zabaltzen ari den haserrea adierazteko.

Modu honetan, azken proposamenek ez dutela erantzunik jaso adierazi zuten. «Aitzitik, banakako eskutitzen bidez eta komunikabideetan nahasmena sorrarazi nahi izan du familietan», salatu zuten.

Sindikatuek baliabideak eskatu zituzten Irakaskuntza hobetzeko. «Bestela, hitz potoloen egitasmo handi horiek gure bizkarren gainean eroriko dira», adierazi zuen Belen Arrondo STEE-EILASeko eledunak.

Arabaren kasuan, hizkuntza normalizazioan aurreratzeko 2 eta 3 urteko haurrekin baliabideak jarri behar dituztela azaldu zuen. Eskaeren artean, 1.500 langileri egonkortasuna bermatzea, sektorea gaztetzeko neurriak eta giza beharrak betetzeko langile gehiago izatea aipatu zuten.

«Ez ditugu bakarrik langileentzako baldintzak defendatzen, euskal eskola publikoa hobetzea ere nahi dugu», adierazi zuten.

CCOOren hitzarmena

Bestalde, CCOOk hitzarmen bat sinatzea gaitzetsi zuten eta hobekuntzak lortzeko baino «greba ahultzeko» asmoa duela esan zuten. CCOOren hitzarmenari esker, hizkuntz eskakizuna eskuratu ez zuten irakasleek berriro izango dutela «Iralen liberaturik sartzeko», salatu zuen LABek eta horrek «beste irakasleentzako iraina da», gaineratu zuen.

«Benetan edukiez betetako hitzarmen bat» gauzatu dezan eskatu zion Lakuari sindikatu abertzaleak, «bestela faltsuan itxiko da gatazka hau eta aurrerantzean ere presio bideetara jo behar izango dugu».

Bere aldetik, Lakuako Hezkuntza Sailaren arabera, grebak %34ko jarraipena izan zuen Araban. Tontxu Campos sailburuaren arabera, jarraipenak bai Gipuzkoan asteartean baita atzo Araban ere jarraipenak %20 jaitsi da, aurrekoaren aldean.

Camposek berretsi egin zuen Sailaren eta sindikatuen arteko ezberdintasunak ez direla nahikoak horrelako neurria hartzeko, «negoziazio mahai baten inguruan konpontzen ez duguna, ez duelako greba konponduko».

Greba deialdia gaur Bizkaira zalbaduko da eta negoziazioetan aurrerapenik ez badago, datorren hilaren 24an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batera izango da, Hezkuntza Saileko langile guztienztat, irakasleak eta irakasleak ez direnentzat.

Gainera, garbiketako eta jantokietako langileek ere greba egingo dute ostiral horretan, kasu honetan negoziatzeko aukerarik ere izan ez dutelarik, sindikatuen esanetan.

haserrea

Sindikatuen ustez, azken hilabeteotan haserrea zabaltzen ari da irakasleen artean, Hezkuntza sailak duen «jarrera itxiagatik», eta benetan edukiez betetako hitzarmena negoziatzeko eskatu zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo